Sei milioi euroko aurrekontua izango du Urola Kostako udal elkarteak

Baleike 2015eko abenduaren 17a

Urola Kostako Udal Elkartaren 2016. urterako aurrekontuak onartu ziren abenduaren 10ean egin zen bilkura. Aurrekontua 6.248.601,89 eurokoa izango da. Proposamenak EAJ-PNV eta PSE-EEren aldeko botoak izan zituen (31) eta EH bildu eta Irabaziren aurkakoa (23).

Aurrekontuak modu honetan banatzen direla azaldu du Igor Iturain, Udal Elkarteko lehendakariak:

  1. Gobernu organo eta administrazio orokorra: 627.455,97
  2. Enplegu sustapena eta enpresa garapena: 996.459,63
  3. Hondakinak: Gaikako bilketa + sentsibilizazio: 1.506.154,61     
  4. Hondakina: Zabortegia + GHK-ko tasak :2.936.211,20
  5. Euskara: 92.320,49
  6. Turismoaren sustapena:90.000

"Aurrekontu guzti honetatik udalek jarri beharrekoa 4.059.597,46 euro izango da, hau da, %65a; gainontzeko Udal Elkarteak lortutako baliabideen bitartez osatuko da", azaldu du Iturainek.

Datorren urterako erronkak modu honetan laburbildu ditu:

Enplegu sustapena eta enpresa garapena:

  • Zortzi lagun eta arduradun baten kontratazioa herrietako lanetan laguntzeko.
  • Bailarako enpresa handi, txiki eta ikastetxeekin elkarlan bideak sortu.
  • Orientazio zerbitzua, ikastaroak, aholkularitza, enpresen lehiakortasuna hobetzeko programak, bideragarritasun planak, ekintzailetzat eta nazioartekotza bultzatu.

Ingurumena:

  • Bost herrietako zabor bilketa zerbitzua batzea.
  • Auzokonpostaren berrindartzea herriz-herri.
  • Lixibitatuak jasotzeko depositua eraikitzea.
  • Zarautzko garbigunearentzat kokapen berria.
  • Bailarako ikastetxe guztiekin hondakinen prebentzioa eta sentsibilizazioa lantzea.
  • Zabortegiaren zaintza eta zigilatze lanekin jarraitzea.

Euskara eta komunikazioa:

  • Mintzalagun programaren jarraipena.
  • Turismoan euskararen presentzia areagotu eta gure indargune bat bezela azaldu.
  • Autonomo eta enpresa txikiekin euskararen presentzia landu.

Turismoa:

  • Txakolina ibilbidea eraiki.
  • Bailarako ekoizle eta jatetxe-tabernekin elkarlanean jarraitu.
  • Urola Kostako Udal Elkarteko dinamizazio planaren garapena.
  • Elkano500 proiektua.
  • Donostia2016 proiektuan presentzia bermatu eta ekintzak antolatu elkarlanean.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide