Hunkituta agertu da Esperanza omenaldi bero bezain xume honekin. 1915eko abenduaren 26an jaio zen Esperanza Bastida Arrasaten. Gaztaro mugitua izan zuen: mojekin Frantzian eta Kantabrian bizi izan zen, besteak beste, 18 urte zituela Eibarrera bizitzera joan zen arte. Han izan zituen bere hiru seme-alabak. Bi alabak bisitari izan ditu; semea orain urtebete inguru hil zitzaion.
Kirolaria (igeriketa egiten zuela dute gogoan familiartekoek), puntu eta kakorratz-lanak egin izan ditu bizitza osoan. "Eibarko bi etxetarako egiten zituen lanak eta garai bateko Eibarko haur askok berak egindako txaketilak jantzi dituzte", azaldu digute familiartekoek. "Telebista ikusten dagoenean ere behatzekin kakorratz-lanak egiten ariko zenaren keinuak egiten ditu".
Eibarren bizi izan zen 2012ko udara arte. Une horretan San Juan Egoitzara ekartzeko erabakia hartu zuen sendiak. Osasun aparta izan duela goraipatu dute. "Ez da inoiz sendagilearengana joan. Egoitzara ekartzeko erabakia hartu genuenean ohartu ginen osasun historialik ez zuela!". Uda amaieran aldaka hautsi zuen eta ordutik gurpil-aulkian dabil. "Ordura arte oinez zebilen batetik bestera".
Urte gehiago bizi ditzala Esperanzak. Zorionak!