Denak etxera! III. Eskubaloi txapelketa

Talde antolatzailea 2016ko urtarrilaren 2a

Igandean ospatu genuen Denak etxera! III. Eskubaloi txapelketa Lubaki kiroldegian. 

Goizean goizetik jende ugari inguratu zen eskubaloian jolastu eta preso eta iheslarien aldarrikapenekin bat egitera. Herritarrak eta inguruko herrietakoak, oraindik jolasten dutenak, jolasten zutenak eta beraien bizitzan ibili ez direnak, jarraitzaile zaratatsuak, arbitroak... denak aldarrikapen beraren babespean. Alkate eta munizipalak ere azaldu ziren aldarriekiko zuten gertutasuna eta begirunea adieraztera. Lasai, zuen jardunak indarra ematen digu eta aldarri hauen alde lan egin eta kaleak betetzeko.

Jokaldi ikusgarriak barregarriekin nahastu ziren, momentu batzuetan maila tekniko altuko golak ikusiz. Festa giroa izan zen nagusi goiz guztian zehar. Pintxo eta garagardoek ere lagundu zuten bertaratutakoen animoa altxatzen. Azkenean, AEB taldea izan zen garaile, Tumas Crew taldearen aurkako finalean. Baina garrantzitsuena egundoko giroa eta egindako aldarrikapena izan ziren.

Guztia ondo errematatzeko bazkari ederra izan genuen Torreberri gaztetxeko aterpean eta bertan banatu ziren beste hainbat sari, gol onena, jokalari saltarinena, talderik taldeena... Eguna borobiltzeko Ibon Gorriti eta Mikel Larrañagak alaitu zizkiguten belarriak euskal kantuen makina bat bertsio joz.

Egun pasa ederra izan zen urtarrilak 9ko manifestaziorako motorrak berotzen joateko. Lanean jarraitu beharra dago, partida ez baita bukatu. 

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide