EH Bildu aurrekontuen kontra; PSE-EE alde

Baleike 2016ko urtarrilaren 2a

Udal Gobernuak aurkeztutako aurrekontuen proiektuarekin jarrera kontrajarriak erakutsi zituzten Udalean ordezkatuta dauden beste bi taldeek. EH Bilduk kontra egin bazuen, PSE-EEk alde egin zuen. 

Edukiarengatik baino, Gobernuak erabilitako prozeduragatik egiten zutela kontra iragarri zuten EH Bilduko zinegotziak. Udal kontuen proposamenaren irakurketa egin zuen koalizioak Alex Oliden bozeramailearen ahotik. Hala, 2015ean onartutako aurrekontuen jarraipena bezala ikusi zituzten aurtengo kontuak. 

Aldaketa nabarmenena Udal Finantzaketarako Foru Fondotik jasotzen den kopuruan dagoela hausnartu zuen. "Kontutan hartu behar da azken urtetan ez dela halako igoerarik izan, askotan murrizketak ere bai". Azken legealdian Foru Aldundiko gobernuaren kudeaketa zorrotzean eta, bere politika fiskalari esker, errekaudazioan izandako igoeran dago Udalek jasotako kopuru handiagoaren giltza. Hala ere, Olidenen ustetan, dirutza honek aldaketak eduki ditzake urtean zehar errekaudazioaren arabera "eta, agian, prudenteak izan beharko genuke eta ez jarri kopuru osoa aurrekontuetan". 

Pertsonal gastuetan izandako aldaketak kritikatu zituen. "Gobernu organoen pertsonal gastuek, hau da, alkatearenak eta beste bi zinegotzi liberatuenak %34,21ean igo dira. (...) kontutan hartzen badugu aurreko legealdian ez zela guztia gastatzen, aurreikusitako bi liberatuetako bat eta erdi bakarrik gastatzen zutelako, konparaketa errealaren ondorioz, %67,05eko igoera aterako litzateke". Horri zerbitzuetako brigadaren gastuan izandako murrizketa alderatzen dio. "74.565 euro gutxiago gastatuko da herritarrentzako zerbitzuak murriztuz".

Gastu arruntetan izandako jaitsierak txalotzen badituzte ere (argiteria, aseguruak...), beste batzuek jaistea ez dute ondo ikusi, hala nola, ingurumeneko sentsibilizazio kanpainak (%20), berdintasuna eta aniztasuna (%5), euskarakoak edo aurrekontu partehartzaileak egiteko zegoen partida ezabatzea. 

Zentzu horretan oso kritiko agertzen dira euskara arloko laguntzen eduki dituzten jaitsierekin (%14), "batez ere Urola Kostako Hitzari ematen zaiona ia ezerezean utziz. Baita ere ezin ditugu utzi aipatu gabe Nazio erakundeei dirulaguntza eta Presoen urrutiratzeak sortzen dituen galera ekonomikoentzako dirulaguntza partiden desagerpena. 

PSE-EEko bozeramaile Arritxu Marañonek aurrekontuen proposamena burutu dutenen "lan goraipagarria" txalotu zuen, baina, aldi berean, datozen urteetarako denbora gehiago eskatu zuen "aurrekontuak lantzeko eta aurkeztutako emendakinak irakurtzeko". 

San Jose kaleko irisgarritasuna hobetzeko partida sartzea goraipatu zuen Marañonek. "Gure programan agertzen zen. Badirudi behingoz errealitate bihurtuko dela. Zentzu horretan Artadiko saneamenduarekin jarraitzea ere positibotzat jotzen dugu". Enplegu sustapenerako jarritako diru partida ere txalotu zuen sozialisten bozeramaileak. 

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide