Osotasunezko emendakina eta emendakin partzialak aurkeztu ziren plenoan

Baleike 2016ko urtarrilaren 2a

EH Bilduren udal taldeak osoko emendakina aurkeztu zion Udal Gobernuak aurkeztutako aurrekontuen proposamenari. Ez hori bakarrik: lau emendakin partzial ere aurkeztu zituen. Denak ere bertan behera geratu ziren EAJ-PNV eta PSE-EEren kontrako botoekin.

Hasteko, osotasunezko emendakina aurkeztu zuen koalizioak (hemen irakurri dezakezue oso osorik). Oso kritiko agertu ziren aurrekontu hauek onartzeko Gobernuak erabilitako prozedurarekin. "Ez dugu uste inoiz gertatuko zenik Zumaiako Udalan aurten gertatu dena, hau da, aurrekontuen aurreproiektua eman eta justu handik astebetera irizpidea bozkatzeko batzordearen deialdia eta hortik astebetera udalbatzarra. (...) Benetan lotsagarria iruditzen zaigu udalean dagoen gai garrantzitsuenerako astebete bakarrik ematea aurreproiektua aztertzeko eta, behar izanez gero, emendakinak aurkezteko, kontutan hartuta, gainera, ze garaietan gauden eta zenbat jaiegun dauden". 

Aurreko bi legealdietan jarritako parte-hartze prozesua ez egitea ere kritikatzen du emendakinean. "Ez bakarrik ez da kontutan hartu herritarren iritzia, baizik eta gu ere ninguneatu egin gaitu udal gobernuak eta ez gaitu kontutan hartu gure ekarpenak egin ahal izateko epeak gutxienekora murriztuz. Ia herritarren erdia ordezkatzen dugu (...) eta gugandik paso egin duzue". 

Oier Korta kritiko agertu zen EH Bilduk aurkeztutako emendakinarekin. Egindako batzordetan epeak markatu zirela azaldu zuen eta koalizioak "hasieratik hainbeste aldarrikatzen duen elkarlanerako jarrera hori azken asteetan falta izan dela iruditzen zaigu. [aurrekontuak lantzeko] denbora izan duzue, 15 egun, batzorde gehiago egitea planteatu da eta ez duzue nahi izan. Abendu hasierarako izan duzue proposamena. Badakit Gabonak izan direla, baina gu hemen lan egiteko gaude". 

Aurrekontuetarako parte hartze prozesua ez jartzearen inguruan, aurreko legealdietako prozesuak "desastrea" izan zirela esan zuen. "Teknikariek hala esan digute". Burutzen ari diren 2015-2025 Plan Estrategikorako bilerak jarri zituen Kortak parte hartzeko prozesu eraginkor bezala. "Zazpi bilera egin dira eta Elhuyarrek aitortu digun bezala, parte hartze oso ona izaten ari da eta horrek isla du aurrekontuetan". 

Emendakin partzialak

Osotasunezko emendakina atzera bota ondoren, lau emendakin partzial aurkeztu zituen EH Bilduk (Hemen irakurri ditzakezue): Familia, haur, nerabe eta gazteak zerbitzurako gizarte langile bat kontratatzea (52.542,74 euro), Urola Kostako Hitzarentzako diru laguntza lehen zegoen bezala mantentzea (28.600 eurotik 5.000ra jaitsi dute), ingurumenerako kontzientziazio eta sentsibilizaziorako diru partidak mantentzea (20.000 euro) eta Gaztetxolaren lekualdatzeko proiektua idaztea (12.000 euro). 

Lau emendakin partzial hauek ere bertan behera geratu ziren EAJ-PNV eta PSE-EE-ren kontrako botoekin. Oier Kortak adierazi zuenez, atentzioa deitu zion gizarte langile berri bat kontratatzeko proposamenak. "Gipuzkoako zerbitzu sozial berriak eratzen ari dira eta aldaketa handiak datoz. Gizarte zerbitzuetako teknikariek ez dute eskaerarik egin, baina, beharra badago, aztertuko da". 

Urola Kostako Hitza hedabideak jasoko duen diru laguntzan izandako murrizketari dagokionez, herriz herriko azterketa egin duela esan zuen. "Zarautz batek, 22.000 biztanlerekin, 35.000 euro ematen dizkio [45.000 euroko laguntza onartu du Zarauzko Udalak] eta Zumaiak, 9.700ekin 28.600 [5.000 izango dira 2016an] Honen inguruan azterketa sakon bat egin behar da. Irizpide bateratu bat izan beharko luke eta Zumaia ez izatea pertsonako 3 euro ematen dituen bakarra". 

PSE-EEko Arritxu Marañonek, berriz, zorpetzearen alde ez egoteagatik eman zituen kontrako botoak. Urola Kostako Hitzaren gaian, "erabaki aleatorio" bat ez izatea espero zuela aipatu zuen eta horren gainean izango direla, "erabaki justua" izan dadin. 

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide