Debatea baino iskanbila gehiago izan zela esan daiteke. Oier Korta alkateak gai honen inguruko azalpena eman zituen. Azaroko plenoaren ondoren talde guztiekin elkartu zirela informatu zuen eta denen oniritzia jaso zutela Musika Patronatua deusestatzeko. "Kultur teknikaria eta kontu hartzailea desegitearen alde daude, lan kargak handitzen dituelako eta kudeaketa moteldu". PSE-EEko zinegotzi Arritxu Marañonen aldeko botoa zutela iragarri ondoren, EH Bilduri kritika gogorrak luzatu zituen. "Jakin badakite bi heren behar direla erabakia hartzeko eta horretaz baliatu nahi dute Udal gobernuaren kontra egiteko". Harridura aurpegia sumatzen zen koalizioko zinegotzien artean iritzi horiek entzuterakoan.
EH Bilduko zinegotzi Jone Mugerzak irakurritako idatzi batean jakinaren gainean agertzen dira azaroaren 25ean Udal Gobernua musika eragile guztiekin bildu zela adostasun batera heltzeko. Ondoren, galdera batzuk zuzendu zizkion Gobernuari. "Zergatik ez zitzaien Kultura Batzordean ordezkaritza duten talde politikoetako kideei bilera horretarako gonbitea luzatu? Zertan datza bilera horretan eragile guztiek, itxura guztien arabera, sinatu zuten agiria? Zergatik Udal Gobernua bera bakarrik ari da erabaki garrantzitsuak hartzen, legez gainontzeko ordezkaritza guztioi dagozkigun bilera, informazio eta prozedurak ukatuz?".
Musika Patronatuko bilera hartara oposizioko bi alderdiak ez gonbidatzearen defentsa egin zuten alkateak eta Jon Iraola zinegotziak. "Musika taldeak informatzeko deitu zen bilera hori. Zuen iritzia bagenekien [EH Bilduri hitz eginez] eta ez genuen barrera bat izaterik nahi. Hamar minutuan ulertu zuten guztia, Arritxu Marañonek ere hamar minutuan ulertu zuen; zuek, berriz, hausnarketa sakon bat egin nahi duzue. Teknikariekin ere hitz egin duzue. Zer hausnarketa egin nahi duzue?".
Erabakia aurrera eramateko, eta "oztopo" ez izateko, "eragileen iritziz zuzena den erabakia" delakoan, koalizioak aldeko bi boto eman zituen. Musika Patronatua deusestatzeko erabakia aldeko 9 botorekin (EAJ-PNV, PSE-EE eta EH Bildu (2)) eta kontrako laurekin (EH Bildu) onartu zen.