Zumaiako Futbol Taldeak alebin mailako neskentzat Gabonetan antolatzen duen bigarren txapelketa izan da aurtengoa. Maila handiko taldeak izan dira lehian, 180 jokalari guztira. Zumaiakok lan polita egin du, finalaurrekoetatik kanpo gelditu ziren arren. Lehen partidan 0-1 galdu zuten Bergaran, baina ondorengo biak irabazi zituzten: 3-1 Zarautzi eta 1-0 Mariñori. Final-laurdenetan, baina, ezin izan zuten Touring gainditu eta 0-4 galdu zuten. Hor amaitu zen zumaiarren bidea.
Hirugarren posturako lehian, Eibarrek 3-2 irabazi zion Mutrikuri; eta final handian Santurtziko Peña Athleticek 1-0 irabazi zuen Touring-en aurka.
Realeko jokalari Ainara Manterolak eta Eguzkiñe Peñak hartu zuten parte sari banaketan, kiroletako zinegotzi Gotzon Enbil eta Zumaiako Futbol Taldeko presidente Jose Antonio Gorostolarekin batera.
Zumaiako Futbol Taldeko zuzendaritza batzordeak txapelketaren antolakuntzan laguntzen aritu diren alebin nesken taldeko gurasoei eta klubeko beste 20 laguntzaileei eskerrak luzatu nahi dizkie, "beraien laguntzarik gabe txapelketa hau antolatzea ezinezkoa izango baitzen". Eta, batez ere, zorionak eman nahi dizkie Zumaiakoko alebin nesken taldeko entrenatzaileei eta jokalari guztieei, "oso giro politean lehiatu baitute".