"Akuarela gutxietsita dago, baina zehaztasun handia eskatzen du"

Baleike 2016ko urtarrilaren 5a

Akuarela teknikarekin margotutako 35 lanez osatutako erakusketa zabaldu du Amarakuarela taldeak Oxford aretoan . Hamabi egileren lanak ikus daitezke.

Zumaia Akuarelaren aldarrikapena da Alondegiko Oxford aretoan zabaldu berri den erakusketa. Hala azpimarratzen dute, behin eta berriro, obren egileek. «Oleoaren aldean, akuarela gutxietsita dago, baina zehaztasun handia eskatzen du, ezin da hutsik egin. Oleoan, akatsa eginez gero, gainetik margotu eta akatsa estali egiten da. Akuarelan ez. Urrats bakoitza atzeraezina da, geruzak transparenteak direlako eta azpikoa ikusi egiten delako. Horregatik, teknika oso ondo menperatu behar da, oso metodikoa izan behar da. Eta lana hasi eta buka egiten da, saio bakarrean, lehortzean koloreak aldatu egiten direlako. Bat-batekotasunak freskotasuna ematen dio koadroari».

Amarakuarela taldeko kide dira Conchi Neira eta Koro Rekarte. Pasio handiz hitz egiten dute Amador San Salvador irakaslearen eskutik ikasi duten teknikaz. «Aurrena, ahalik eta marrazki zehatzena egin behar da, arkatzarekin edo pintzelarekin, kolore neutro bat erabilita; eta gero margotzen hasi. Akuarelan ez da goitik behera margotzen; kolore argiak egin behar dira aurrena, eta ilunekin amaitu».

Amador San Salvador maisua ere ez daukate saltzeko. Akuarelaren teknikan maisu handienetakoa da –Espainiako Sari Nazionala dauka sarien artean–. 2013ko irailetik ikastaroa ematen du Donostian, eta handik atera da Amarakuarela taldea. Hamasei lagun dira gaur egun, eta tartean da Lorea Mendiola zumaiarra. San Salvadorren eskuzabaltasuna goraipatzen dute bere ikasleek. «Artista handia da, baina ez du bere teknika erakusteko inolako arazorik. Hilero, gure aurrean akuarela bat egiten du, hasi eta buka, lana nola egiten duen ikus dezagun. Hori ez da batere ohikoa».

Oxforden aurkeztu dituzten lanen artean asko Zumaiako eta inguruko paiasaiak eta irudiak dira, erakusketa honetarako propio egindako lanak. Margolan guztiak salgai dauzkatem 150 euroan hasita. Erakusketa hilaren 24ra arte egongo da zabalik.

Erlazionatuak

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide