Finalaren atarian gelditu dira Pulpoko infantilak Euskadirekin

Baleike 2016ko urtarrilaren 7a

Zumaiako hamar jokalari ari dira jokatzen Espainiako Autonomia arteko Euskubaloi Txapelketa Euskadirekin. Infantil mailako neskak izan dira urrutien iritsi direnak, baina 15-23 galdu dute finalaurrekoa Valentziaren aurka. Bihar jokatuko dute hirugarren posturako partida.

Ainhoa Larrañaga, Jone Aguado, Leire Arrizabalaga eta Maria Amondarainentzat esperientzia ahaztezina ari da izaten Almeriako txapelketa. Infantil mailako Euskadiko selekzioarekin ari dira lehiatzen Pulpoko lau jokalariak, eta azken urratsa baino ez zaie falta izan finalera iristeko. Gaur goizean jokatu dute finalaurrekoa Valentziaren kontra, eta 15-23 galdu dute.

Partida lehiatua izan da, batik bat lehen zatian. 10-12 iritsi dira atsedenaldira, baina bigarren zatiaren hamargarren minutuan hautsi da oreka. Valentziarren bost goleko tartea egin dute (15-20), eta Euskadi ez da gol gehiago egiteko gai izan. Finaletik kanpo gelditu dira, baina oraindik badute podiumera igotzeko aukera, bihar hirugarren posturako partida jokatuko baitute.

Kadete mailako Sara Torriko, Aitana Iraundegi eta Oihana Unanuek bosgarren postua izango dute jomuga gaur arratsaldetik aurrera, finalaurrekoetatik kanpo gelditu ondoren. Jubeniletan ere, bosgarren postua izango da Euskadiren erronka, Gaztela-Mantxaren aurka 21-32 galdu eta gero. Maddi Eizagirre zumaiarra dago talde honetan.

Eta mutilen artean, kadete mailako Joseba Etxabe eta Joritz Manterola Espainiako Kopako finalaurrekoetatik kanpo gelditu dira, Gaztela-Mantxarekin 36-34 galdu ondoren.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide