Basustagainean jokatuko da aurtengo Zumaiako txakurkrosa

Baleike 2016ko urtarrilaren 19a

Otsailaren 7an egingo da bosgarren txakurkrosa eta ohiko lasterketaz gain, bizikletan eta patinen gainean egiteko aukera izango da. Izen-ematea zabalik dago jada.

Negu giroarekin jokatuko da aurten ere Zumaiako txakurkrosa. Otsailaren 7an, igandean, jokatuko da berrikuntzez beteta datorren bosgarren txapelketa. Zirkuitua lekuz aldatzeaz gain, parte hartzeko beste bi mota izango dira: bizikletan, bikejoring bezala ezagutzen den modalitatean, eta patinen gainean. Izen-ematea zabalik dago www.herrikrosa.eus atarian.

Aurreko lau txapelketak San Lorente gainean jokatu dira. Aurtengoa, berriz, Basustagainean egingo da. San Lorentera eramaten duen bidetik bizikletek eta patinek ezin igo izanagatik aldatu dute zirkuitua. Korrikalarien segurtasuna ere kontutan hartu da aldaketa erabakitzerakoan. «San Lorentetik beherakoan, harrizko bidexka arriskutsua bihurtzen da euriarekin», adierazi digu Fran Aizpurua kirol teknikariak.

Irteera eta helmuga puntuak aurreko urteetako leku berean kokatuko dira, Alai auzategian. Parte-hartzaileak Aitzuri kaletik aterako dira eta helmuga Aizkorri kalean jarriko da, Branka eraikinaren parean. Zirkuitua, baina, Basustagainean kokatuko da aurten. Txakurrek eta korrikalariek zortzi baten itxura duen zirkuituari emango dizkiote bueltak: bikejoringeko eta patinetako kirolariek buelta bakarra egingo dute (4.300 metro), eta ohiko txakurkrosa egingo dutenek bi buelta (8.300 metro). «Aurreko urteetan zazpi kilometroko bidea egin behar zuten; orain kilometro bat luzeagoa izango da», argitu du Aizpuruak.

Luzeagoa eta askok uste baino zirkuitu gogorragoa izango da aurtengoa. Iritzi horretakoa da Pedro Etxeberria kirolaria. «Ingurune honek uste baino gorako eta beherako gehiago ditu. Ikusleentzat San Lorente polita zen, baina hemen sarritan pasako dira leku beretik eta hori ikusleek gustuko izango dute».

Goizeko 8:30etik 10:30era bitartean egingo den albaitari kontrola pasa ondoren, goizeko 10:30ean hasiko dira eguneko probak. Bikejoringeko eta patinetako txanda izango da hasieran. Hauek, banan bana aterata, erlojuaren aurka beteko dute lana. Ondoren, 11:30ean, ohiko txakurkrosaren txanda izango da. Lehen sailkatuek ordu erdi inguruan beteko dute lasterketa. Sari-banaketa ekitaldia, berriz, 13:30ak aldera egingo dela aurreikusten dute. «Umeentzako jolasak ere ordu horren inguruan egingo dira. Parte hartu nahi duten haurrek goizean zehar eman ahal izango dituzte izenak».

Anaien arteko lehia izango da aurten ere

Bosgarren txakurkros honetan ere ez da faltako Pedro eta Mikel Etxeberria anaien arteko lehia. Biak lortu dute Zumaiako proba irabaztea eta ezustekorik ez bada lasterketaren buruan izango dira. Pedrok Suko txakurrarekin korrituko du; Mikelek Dukerekin.

Euskadiko Txakurkros Ligarako puntuagarria da proba hau eta baita Liga Norte Canicross Bikejoring txapelketarako ere. «Lehen urtea da korritzen dela eta bertan Galizia, Asturias, Kantabria eta Euskal Herriko korrikalariek hartzen dugu parte», dio Pedro Etxeberriak.

Zumaiakoa izango da seigarren eta azken proba. Aurreko bost lasterketen ondoren, Pedro Etxeberria doa buruan, baina bi puntu besterik ez dizkio ateratzen bigarren doan Mikel Etxeberriari. Etxean erabakiko da zeinek eramango duen txapela.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide