Jose Felipe Larrazabalek eta Sonia Albarezek irabazi dute Txakur Krosa

Baleike 2016ko otsailaren 7a

Mikel Etxeberria buruan eta atzetik Jose Felipe Larrazabal irabazlea. Argazki: Gorka Zabaleta

Jose Felipe Larrazabal (Okondo, Araba) izan da lehena Txakur Kroseko ibilbide berria osatzen (27:45), Mikel eta Pedro Etxeberria anaien aurretik. Sonia Albarez zumaiarra izan da lehen emakumea. Ibilbide berria gustatu zaie korrikalariei.

Basusta gainean jokatu da aurten Zumaiako Txakur Krosa, San Lorenteko aldapa jaistean izaten ziren erorikoak saihesteko, batik bat. Baina segurtasunaz gain, bizitasuna ere eman dio ibilbide berriak lasterketari. Jose Felipe Larrazabal irabazleak berak hala adierazi du helmugaratu bezain pronto. "Ibilbide hau gehiago gustatu zait, igoera eta jaitsiera gehiago ditu, askoz erakargarriagoa da. Korrika oso azkar egiteko tarteak daude ordekan, baina lau igoera ere bai tartean eta gogorrak egiten dira lokatzarekin". Sonia Albarezek ere ontzat jo du ibilbide aldaketa. "Korrikalariei galdetzen badiezu denek esango dizute asko gustatu zaiela. Igoerak eta jaitsierak dauzka eta korrika egiteko oso egokia da".

Ikusleentzat ere aproposa da lasterketa jarraitzeko. Gaur, eguraldi txarragatik edo, ez zegoen jende asko Basustako gainean, baina kaletik bertatik bertara dago eta bi igoerak ikusteko aukera ematen du lekutik mugitu gabe. Ikusle gehienak, baina, helmuga aldean bildu dira korrikalarien zain. Eta lehena iristen Jose Felipe Larrazabal izan da, Gringo txakurrarekin. Larrazabalek azken jaitsieran egin die hanka Mikel eta Pedro Etxeberria anaiei. "Hasieratik laukote batek egin dugu aurrera. Mikel Etxeberria joan da buruan tiraka. Nik taldean jarraitu dut, eta azken igoera gainditu dugunean, jaitsieran, erritmoa estutu eta han lortu dut tarte bat egitea, sei bat segundokoa, eta aurrena iritsi naiz helmugara".

Bigarren postuan Mikel Etxeberria sartu da, Pedro anaiaren aurretik. Bien artean lehia estua zegoen aurten estreinakoz Espainian antolatu den Iparreko Ligarako. Eta bukaera ezin estuagoa izan. Zumaiakoa zen azken lasterketa eta bi anaiek berdinduta amaitu dute sailkapen nagusia. Lasterketa guztietako emaitzak hartu beharko dira kontuan azken garailea zein den erabakitzeko, baina helmugara iritsi ondoren artean ez zeukaten garbi norentzat zen sari nagusia. Dena den, Etxeberria anaietako batentzat izango da.

Bizikleta eta patinean

Txakur Kroseko lasterketa nagusiaren aurretik bizikleta eta patin lasterketak jokatu dira, beti ere txakurrekin lagunduta. Hauek itzuli bakarra eman diote ibilbideari –korrikakoan bi itzuli izan dira–, 4.300 metroko lana. Bizikletako lasterketan Ramon Cid (12:44) izan da aurrena, Pedro Etxeberria eta Jaime Olaizolaren aurretik. Lehen emakumea Leire Fernandez izan da, zortzigarren postuan. Patinen lasterketa Bautista Urtasunek irabazi du. Kimetz Etxabe gaztea zihoan aurretik, baina azken igoera baino lehen atzeko gurpila galdu du eta ezin izan dio lehen postuari eutsi. Hirugarren izan da Kimetz patin lasterketan. Baina horrekin nahikoa ez eta jarraian korrikako saioan hartu du parte eta lehen juniorra izan da.

 

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide