Asier Hilario: "Euskal kostaldeak jasaten duen higaduraren adibidea da Algorrin gertatutakoa"

Baleike 2016ko otsailaren 17a

Azken denboralearen ondoren, Algorriko harrarteko geruza oso bat erori zen lurrera pasa den astean. Geoparkeko zuzendari zientifiko Asier Hilarioren esanetan, euskal kostaldearen higaduraren erakusgarri da.

Euskal Kostaldeko Geoparkeko zuzendari zientifiko Asier Hilario geologoarentzat, Algorrin gertatutako ez da albistea ere. «Halakoak sarritan gertatzen dira. Gauza da hau jendearentzako hurbil dagoen leku batean gertatu dela eta utzi duen tokian kolore bizi bat duela».

Luizi hau flysch hitzaren atzean zer ezkutatzen den jakiteko baliagarria dela dio Hilariok. «Flysch terminoa Suitzan erabiltzen den alemaniarretik dator. Flyschen hitzak irristatu, labaindu esan nahi du bertako alemanez. Suitzako ingeniari zibilentzako harri mota hau okerrena zen, erori egiten zelako, eta izen hori jarri zioten. Hostopilaren antzerakoa da: geruza gogorrak eta bigunak tartekatuta daude eta biguna mugitzen denean, gogorra erori egiten da. Hori da Algorrin gertatu dena».

Euskal kostaldeak jasaten duen higadura antzemateko adibide ezin hobea dela uste du Hilariok. «Euskal kostalde ia osoa mota honetako harriz osatuta dago, eta itsasoaren edo euriteen poderioz, labarrak desegin egiten dira. Honen antzerakoa gertatzen da Zumaia, Getaria eta Zarautz arteko errepidean. Getarian orain hiru urte izan zen luizi hartan ere antzera gertatu zen. Euri ura geruzen artean sartzen da eta bigunena desegitean, gogorra irristatu egiten da».

Geologoak azaldu zuenez, Euskal Kostaldeko Geoparkeak ikerketa bat abian jarrita dauka Kantabriako Unibertsitatearekin kosta zati honek urte jakin bateko epean jasan dezakeen higadura ezagutzeko.

Hilariok ez du uste eroritako harrien artean fosilik egongo denik. «Leku hori ezagutzen dut eta ez dut uste ezer dagoenik. Bihar naiz joatekoa eta ikusiko dut zer dagoen. Luizi bat dagoenean aztertzera joaten gara, ez fosil berriren bat aurkituko dugulako, baina agian bai espezie ezagun baten fosil berri bat».

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide