Larunbat arratsaldean jokatuko da Zumaian XXXII. Herri Lasterketa. Azken urteotan bezala, bi distantziatan parte hartzeko aukera izango da, 5.600 metroko lasterketa laburrean eta 10.200 metroko kros luzean. Metereologoen esanetan, eguraldia lagun izango dute eta antizikloi giroarekin egingo dute korrika.
Arratsaldeari hasiera emateko, haurren lasterketak egingo dira, 15:45etik aurrera. Alebinek 1.100 metroko karrera izango da ordu horretan. 16:10ean infantil eta kadeteak aterako dira. Hauek 2.200 metro egingo dituzte. 16:25ean benjaminen txanda izango da eta 16:30ean aurrebenjaminena. Bi maila hauetan 300 metroko lasterketa egingo dute. Aurrebenjaminek guraso batekin egin beharko dute korrikaldia. Haurren lasterketetan izen-ematea doan izango da.
Haurren korrika saioak amaituta, lasterketa nagusien txanda izango da. 17:00etan abiatuko dira korrikalariak Eusebio Gurrutxaga plazatik. Azken urteotan bezala, bi distantziatan korritu ahal izango da: 5.600 metroko lasterketa laburrean eta 10.200 metroko kros luzean.
Hau idazterako orduan 258 korrikalarik zuten emanda izena lasterketan: 226 luzean eta 32 laburrean. Antolatzaileak jakitun dira kirolari asko azken unera arte egoten direla zain izenak emateko. Hala, Internet bidez izena eman nahi dutenek larunbat eguerdira arte izango dute aukera www.herrikrosa.eus web gunearen bitartez. Egunean bertan, 12:00etatik 16:15era izango da aukera apuntatzeko Itsas kiroldegian. Dortsal-txipa, proba egunean Itsas kiroldegian bertan banatuko dira, 09:00tatik 13:00tara eta 14:30etik 16:30era.
Autobusak Estaziotik
Lasterketa hauek direla-eta, 17:00etatik 18:00etara bitartean Zumaiatik ateratzen diren autobusak, bai kostakoak, bai Urola bailarakoak, tren estazioan hartuko dira. Esandako orduetan ez dira sartuko Patxita Etxezarreta kalean eta Txomin Agirre kaian.