Asteazkenean, Iñigo Asensioren 'Euskara munduan' dokumentala Alondegian

Baleike 2016ko martxoaren 1a

Hirugarren saiora iritsi da Zumaiako Udaleko Euskara Sailak antolatzen duen Euskara, bestela ez gara zikloa, eta Iñigo Asensio kazetariak ondutako Euskara munduan dokumentala emango dute asteazkenean, martxoaren 2an. Alondegiko Oxford aretoan izango da, 18:30ean hasita, eta egilea bera han izango da, azalpenak eman eta jendearekin solasean aritzeko.

Fedea, lana, ikasketak, kirola, musika, amodioa... Arrazoia, garaia edota adina edozein direla ere, euskara munduan zehar bizirik mantentzen duten protagonista multzo baten testigantzak jasotzen dira lan horretan. Gure hizkuntzaren mundialtasuna azpimarratzen du garraiobide gisa, eta protagonisten egoeretan murgiltzen da. Jatorrizko euskaldunak batzuk, euskal jatorririk gabeko kanpotarrak beste batzuk, baina guztiek dute gure hizkuntzarekiko harreman estua. Hemen agertuko dira haien kezka nagusiak, ondorengotza linguistikoa utziko dutenak eta ez, etxerako itzulera deuseztatu dutenak eta urruntasunean euskaraz bizi direnak. Dauden tokian daudela, euskararen presentzia azalduko digute, baita euskara bultzatzeko aurrera eraman ohi dituzten ekimenak ere.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide