Ekintza hauen guztien aurkezpen ekitaldian Oier Korta alkatea, Karmele Gomez berdintasun teknikaria, EH Bilduko Arritxu Iribar eta Nerea Eizagirre zinegotziak, Oikiako eskolako, Zumaiako Herri Eskolako, Institutuko eta Maria eta Jose ikastetxeko ordezkariak eta zenbait haur, Berdintasun foroko Tere Eizagirre eta Silvia Carrizo, azken hau Malen Etxea elkarteko kidea, eta Berritzegune foroko ordezkari Edurne Iribar izan dira.
Berritzegune Zarauzko eta Zumaiako hezkuntza komunitateetan abian jarritako aholkularitza foroa da. Aurten jarri da martan eta genero eta hezkidetzako kooperazio lanak burutzen ditu, “neska eta mutilei berdintasuneko hezkuntza eskaintzeko helburuarekin”, adierazi zuen Iribarrek. Bi herrietan batera lan egiten aritu dira eta hori, bultzatzaileentzako, egokia omen da “gizarte justuago” bat aurkitzeko. Ikasle hauei more koloreko zapi bana banatu zaie eta bertan mezuak idatziko dituzte. “Gero, zapi horiek jaso eta herri lekuren batean zintzilikatuko dira”. azaldu zuen Karmele Gomezek.
Honi lotuta, martxoaren 8an giza katean aterako dira. Narrondo ibaia inguratuko dute. LH 3 eta 4ko haurrak aterako dira. Tutoretza lanean gazte hauek zenbait grabazio egiten ari dira, giza katean, bozgorailu bidez esango direnak. Tamaina handiagoko beste zapi batzuk ere prestatu dira eta dei egingo zaie herritarrei beraien balkoi eta leihoetan jartzeko.
Bi erakusketa Alondegian
Horiek horrela, gaurtik aurrera eta martxoak 15 bitarte, ekintza ugari gauzatuko dira Zumaian Emakumearen Egunaren harira. Hasteko, bi erakusketa zabalduko dira gaur arratsaldean Alondegiko Oxford aretoan: Itziar Plazaren Pintzelkada askeak eta Irene Irureta zumaiarraren Nire munduko emakumeak. Erakusketa hauek hilaren 10era arte egongo dira zabalik. Aste honetan bertan, ostiralean, Eskutitzak izeneko antzezlana aurkeztuko da Aita Mari aretoan, 22:00etan.
Datorren asteartean, martxoaren 8an, bi ekitaldi izango dira: eguerdian egingo den haurren giza katea eta iluntzean, 19:00etatik aurrera, emakumeen eskubideen eta berdintasunaren aldeko kontzentrazioa, Alondegi aurrean.
Ekitaldiekin jarraituta, martxoaren 10ean, zine forum saioa izango da. Egun horretarako Grandma pelikula aukeratu du Ostarrenak. 22:00etan izango da. Ostiralean, hilak 11, 19:00etatik aurrera, Alondegi parean hasi eta bukatuko den gaueko martxa egingo da, “indarkeria matxistarik gabeko herria nahi dugula aldarrikatzeko”. “Emakumeek beraien egunerokotasunean beldurrik gabe bizitzeko eskubidea dute, eta guztion ardura da hau lortzeko eta eraso matxistak ekiditeko aurrera pausoak ematea”, amaitu zuen Gomezek. Herriko trikitilariek girotuta izango da eta amaiera ekimen berezi bat burutuko da. Ostiral horretan baita ere, baina 22:00etan eta Aita Mari zinean, Malmö antzezlana izango da.
Amaitzeko, martxoaren 15ean, Emakumeak kirolean hitzaldi-solasaldia eskainiko da Alondegian, 18:30ean. Hizlaria Maider Alberdi izango da, Zumaiako emakumeen egoeraren diagnosiaren egilea.
Puntu beltzak eta sentsibilizazio kanpainak
Hedabideetara igorritako ohar batean, Oier Kortak azpimarratu du aukera berdintasuna bermatzen duen gizarte eta herri baten aldeko urratsak eman behar direla, “gizon eta emakumeen artean, egun, oraindik ere ematen diren bereizketa egoerak gainditzeko. Horregatik, egun honen baitan antolatutako ekintzez gain, emakumeen ongizate eta segurtasuna bermatzeko eta herritarrak berdintasunean hezteko ekimen desberdinak garatzen ari da Udala”. Horiek horrela, genero ikuspegitik arriskutsuak diren puntu beltzen mapa egiten hasiak dira eta sentsibilizazio kanpaina desberdinak aurrera eramatea du aurreikusia Zumaiako Udalak. “Helburu dugu indarkeria matxistarik gabeko eta berdintasunean oinarritutako Zumaia eraikitzea”.