Game of Thrones

Zumaia pelikuletan

Baleike 2016ko mar. 1a, 16:16

Badirudi Zumaian pelikula bakarra grabatu dela, baina ez da hala. XX. mende hasieratik makina bat fikziozko pelikula, dokumental, iragarki eta ikus-entzunezko grabatu. Horien guztien inguruko erreportaje zabala idatzi zuen Imanol Azkuek otsaileko Baleike aldizkarirako. Orain web gunera ekarri dugu.

Duela bi-hiru urte, Llanesen (Asturias) oporretan izan ginen batean, panel berezi bat ikusi genuen pareta batean; han filmatutako pelikula baten berri ematen zuen, eta orduan jakin genuen “Llanes de cine” izeneko proiektuaren berri, pelikulak eta grabazio lekuak lotzekoarena. “Gurean ere egin dituk, ba, batzuk!”, pentsatu nuen, eta buruak atzera egin zuen memorian, Zumaian grabatutako pelikulen bila; ahalegin arin hura, ordea, oporren lasaikerian eta alferkerian lokartu zitzaidan segituan… duela gutxi esnatu den arte.

Hasierako kredituak

Ez naiz oso zinemazalea, are gutxiago aditua; ez, behintzat, irailean astebete jai hartu eta Donostian Zinemaldian pasatzekoa edo Aita Mariko parrokiano egitekoa; etxean ere nekez ikusten ditut pelikula osoak, aspertu egiten naizelako segituan. Baina ezjakintasuna ausarta omen, dio gaztelaniazko atsotitzak, eta beste inork ez dionez heldu gaiari, neu animatu naiz Zumaia eta zinemaren arteko lotura jostera, Zumaia zer pelikulatan eta nola azaltzen den aztertzera. Nire ezjakintasuna adieraztearekin batera, bigarren aitortza egin beharra daukat: badakit artikulu hau hankamotz jaio dela eta egongo dela zer zuzendua eta batez ere osatua, baina ahalegindu naiz zinemaz nik baino gehiago dakiten batzuekin egoten eta galdetzen, eta makina bat lagun endredatu ditut testu hau osatzeko; horiei guztiei, mila esker!

Baleike.eus-en irakurri nuen albistea: “Zipi & Zape 2 pelikularen grabaketa lanak egingo dira astelehenean Itzurunen”, eta irakurtzearekin batera, aspaldian lozorroan neukan asmo hura berritu zitzaidan. Azkenaldian, behin baino gehiagotan gertatu zait Zumaian kaletik joan eta kanpotarrek geldiaraztea eta galdetzea: “Por favor, ¿la fuente?, ¿la ermita?”. Egia da; denok ikusi ditugu turistak argazkiak ateratzen Sanjuaniturriko Maritxuren ondoan, eta ez dut uste aspaldian hainbesteko peregrinaziorik izan denik San Telmo aldera, fedeak mugituta, behintzat. Hemen egingo dut hirugarren aitortza: ez dut ikusi “pelikula”, eta ikusteko asmorik ere ez daukat, baina nahitaez iristen zaizkit haren erreferentziak telebistan ikusita edo baten batek kontatuta. Ez dut nik ukatuko: Ocho apellidos vascosek jende asko ekarri du Zumaiara, eta balio izan du askok gure herria mapan kokatzeko eta ospetsu egiteko. Baina hori ez da Zumaian errodatu den film bakarra, aurretik eta ondoren izan dira beste asko, eta horixe erakustea da artikulu honen asmoa.

 

Film luzeak

Hasi, euskal zinemagintza modernoaren abiapuntutzat eta mitotzat har daitekeen film batekin hasiko gara: Ama Lur, Fernando Larruquertek eta Nestor Basterretxeak 1968an estreinatu zuten pelikularekin. Berez ez da Zumaia azaltzen, baina Bedua (lurrez Zestoakoa izanagatik) oso gertuko zaigu zumaiarroi, eta Beduako ontziola eta botadura bat ageri dira, pelikularen amaiera aldera.

Baina Zumaia non ageri den aztertzen, Euskal Telebistak egin zuen fikziozko lehen pelikularekin hasiko gara. 1983an izan zen, eta urte hartan grabatu zuen Txirula miresgarria Bruno Carriére zuzendariak. Berez, Kanadako telebistak bultzatzen zuen proiektua: 13 herrialdetan, 13 ipuin herrikoitan oinarritutako pelikulak filmatu zituzten. Euskal Herrikoa Jose Maria Satrustegiren ipuin batean zegoen oinarrituta eta eszena gehienak Arteagako gazteluan (Bizkaian) grabatu zituzten, baina gure Artadiko belardi batzuetan ere aritu ziren filmatzen, eta aktoreetako hiru zumaiarrak izan ziren: Kandido Uranga (errege gaiztoarena egiten), Inazio Tolosa eta Elena Irureta.

Bi urte geroago, 1985ean, estreinatu zuen Eloy de la Iglesia zuzendariak (Zarautz, 1944-Madril, 2006) Otra vuelta de tuerca filma. Argumentua, berez, ez zen originala, izen bereko Henry Jamesen nobelaren (The Turn of the Screw) egokitzapena baitzen, eta aurretik beste batzuek ere filmatua zuten istorioa. Baina Eloy de la Iglesiaren pelikularen berezitasunetako bat da irudi batzuk Getariako eliza barruan eta inguruan filmatu zituztela, baita Itzurun hondartzan ere. Gainera, zumaiar bat ere ageri da pelikulan, ezagutzeko moduan ez bada ere: Agustin Egigurenek itsasoan itotzen ari zenarena egin zuen, ordezkoarena eszena arriskutsuan, epokako bainujantzia jantzita.

Zergatik panpox filma Xabier Elorriagak zuzendu zuen, 1985ean. Arantxa Urretabizkaiak 1979an argitaratu zuen izen bereko eleberri arrakastatsua, eta Itzurun hondartzan daude grabatuta filmeko irudi batzuk. Pelikula iragartzeko kartelean ere Itzurun eta Marianton punta suma daitezke, atzealdean.

Urte ilunak pelikula Arantxa Lazkanok (Zarautz, 1949) zuzendu zuen 1992an. Euskaraz grabatu zen, eta pelikulak 1950-60ko urteetara garamatza. Protagonistetako bat zumaiarra izan zen (Eider Amilibia) eta ondo fijatuz gero, beste zumaiar batzuk ere ezagutuko ditugu: Batirtze Letamendia, Rosa Ruiz… Batirtzek orduan 9 urte zeuzkan, eta ondo gogoan dauka nola aritu ziren grabatzen Itzurun hondartzan, saltoka hondarretara kantinaren aurrean zegoen egurrezko eskaileretatik behera. Parrokia eta Mari kale aldean ere grabatu zituzten irudi batzuk.

Ezagunagoa egin zen gure artean urte batzuk geroago (2005ean) Telmo Esnalek (Zarautz, 1967) eta Asier Altunak (Bergara, 1969) zuzendutako Aupa Etxebeste film luzea, hainbeste barre eragin ziguna. Telmoren aita zumaiarra zen, eta aitortzen du lotura berezia daukala Zumaiarekin: “Txikitan astebururo joaten ginen Zumaiara, lehengusuekin egun pasa… Zarauztik. Nire imajinarioan badira Zumaia eta inguruko hainbat leku. Agian horregatik bueltatzen naiz Zumaiara leku horien bila edo…”. Aupa Etxebesteko irudi gehienak Bergaran grabatu zituzten, baina Zumaia ere ageri da: Etxebesteren fabrika Carmelo Unanue zenarena da, Ardantzabiden, eta “Etxebeste” ere pintatu zioten kanpoaldean. Gainera, Elena Irureta izan zen aktore protagonistetako bat, Etxebesteren emaztearen paperean.

Urte berean, 2005ean, grabatu zuen Alberto J. Gorritibereak (Gasteiz, 1970) BT ispiluen jauregian telefilm edo tvmoviea. Garai hartan, Euskal Telebistaren programa izarretako bat “Betizu” zen, gaztetxoentzat, eta handik sortu zen Betizu Taldea, hiru neska eta mutil batek osatua; mutila, gainera, zumaiarra: Telmo Idigoras. Taldeak arrakasta izan zuen gaztetxoen artean, eta haren uberan grabatu zuten pelikula. Zumaiako leku asko ageri dira: Maria eta Jose ikastetxea, Branka gizarte zentroa, Victoriano Arrate etorbidea (pelikulan, Puntanoetako etxeak egiten ageri ziren, eta Xoxokoa baserria zutik zegoen), Paola, Amaiako plaza, Santiago hondartza… Harrezkero, beste pelikula batzuk grabatu ditu Albertok, eta Arriya (2011) film luzean berriz ere hor ageri dira Goiko kalea, Olazabal idazkaria kalea (Kooperatibaren okindegia izandakoan), Sanjuaniturri, hilerria…, eta baserriko irudietako asko Azkoinzarren grabatu zituzten. Albertoren hitzetan, “Hasieran ez geneukan Zumaian grabatzeko asmorik, baina baserri nagusia [Azkoinzar] lortu eta gero, orduan pentsatu genuen Zumaian grabatzen jarraitzea”. Arriyan, aktoreetako hiru, gainera, zumaiarrak izan ziren: Kandido Uranga, Inazio Tolosa eta Judit Ibarguren.

2005ekoa da, baita ere, hain ezaguna ez zaigun Florian Hoffmeister zuzendari alemanaren 3º kälter (3 gradu hotzago) pelikula. Filmaren lehen irudiak, pelikularen kredituenak, Itzurun hondartzan daude grabatuta.

2011n amaitu eta estreinatu zuen Eneko Dorronsorok (Zumaia, 1978) Ttaup, ttaup, arraun kolpekalana, baina askoz ere lehenago (2007an) hasi zituen grabatzeko lanak. Telmo Deun traineruaren eta Aita Mari Arraun Elkartearen lokalean barruraino sartu, ia bertako egin eta ondo baino hobeto azaldu zizkigun arraunlarien pozak eta penak, sakrifizioa eta bizimodua. Ordu askotan grabatu zuen, batzuetan aldageletan, beste batzuetan autobusean, askotan arraunean ibaian, itsasoan… Arraunlariez gain, arraunerako ezkutuko lan garrantzitsu bezain isila egiten duten zumaiar asko ere ageri dira pelikulan.   

Bertsolaritzan ezagunagoa da, baina Jon Maiak (Urretxu, 1972) film bat baino gehiago zuzendu du. Bere lehen lan luzea Gazta zati batizan zen, 2012an. Idiazabaldik abiatu zen egitasmoa, Eskoziako bidaia batek hauspotuta, baina Zumaian grabatu zuten pelikularen zatietako bat: Mojaxarren Komentuko ganbaran egin zuen Txiki Keixetak gero pelikularen promoziorako ere erabili zuten gaztazko mundu bola.

Urte berean, 2012an, estreinatu zuten Luis Marías (Bilbo, 1962) zuzendariaren Gernika bonbapean, bi kapituluz osatutako telebistarako seriea. Istorioak Gernikara garamatza, Gerra Zibilaren garaira, eta Zumaiako hainbat lekutan grabatu zituzten irudiak: Mojaxarren Komentuan, Moilaberrian (estazioa eta anbulatorioa izandakoan, autobus geltokia balitz bezala), Erribera kalean (jendea Gernikatik alde egiten ariko balitz bezala…). Gainera, protagonistetako bat zumaiarra izan zen: Goiatz Aguado gaztea.

2014an grabatu zuen Pablo Malok (Donostia, 1965) Lasa eta Zabala. Zumaian aritu ziren eszena batzuk grabatzen, batez ere Goiko kalean (berriz ere Olazabal idazkaria kalean, Kooperatibaren okindegia izandakoan) eta Paoleko Inpernupe parajean.

Urte berekoa da Ocho apellidos vascos, Emilio Martínez-Lázarorena (Madril, 1945). Berez, pelikulako herria Argoitia da, eta irudiak gurean ez ezik, Getarian eta Leitzan ere grabatu zituzten. Baina pelikulako irudi gogoangarrienetako batzuk Zumaiakoak dira: ezkontza San Telmo ermitan, manifestazioa Sanjuaniturritik abiatuta… Protagonistetako batek, Dani Rovirak, gainera, adierazi zuen Zumaia izan zela bere lekurik gogoenetako bat, eta bereziki famatu zituen San Telmo ermita eta inguruak.

Azkenik, 2015an beste film luze bat grabatu zen gurean: Zipi&Zape2, besteak beste (berriz ere!), Itzurun hondartzan eta San Telmo ermitaren inguruetan (Itxas-ondo etxearen alboan).

Telebistako serieak

Euskal Telebistako lan asko grabatu dira Zumaian. Adibidez, behin baino gehiagotan azaldu da gure herria euskarazko sugetzar nagusian, Goenkalen, bai hasierako kredituetako irudietan (ontziola, adibidez), baita tarteko irudi askotan ere. Zumaiarrak ere agertu dira lanean, besteak beste, Abelin Linazisoro, Kandido eta Manu Uranga aita-semeak…

Betizu Taldearen arrakastarekin, Euskal Telebistak beste lan batzuk ere egin zituen ondoren. Alberto Gorritibereak dioenez, “Serie txiki bat ere egin genuen, eta abesti batzuekin bideoklipak grabatu ere bai. Horietako pasarte asko Zumaian grabatu genituen”. Arestian aipatu bezala, Telmo Idigoras zen taldekideetako bat, baina beste hiru zumaiar ere ibili ziren talde hartan: Mikel Zubimendi, Jon Urbieta eta Elena Yeregi.

Brinkola telesaila 2009an zuzendu zuten Telmo Esnalek eta Asier Altunak. Irudietako asko Arroa Goian (Zestoan) eta Miramongo estudioetan grabatu zituzten, eta Zumaiako Mojaxarren Komentuan ere aritu ziren, Brinkolako eliza balitz bezala. Telmo Esnalen hitzetan, “Gipuzkoako gotzainak ez zigun eman baimenik elizetan grabatzeko, aurretik esperientzia txar batzuk izan zituztelako”. Orduan jakin zuten Komentua Zumaiako Udalarena zela, ez zegoela Elizaren menpe, eta hainbat eszena grabatzeko aprobetxatu zuten, horietako batzuk oso ganberroak: “Motorra elizako pasillotik; herritarrak kutxiloekin apaiza akabatu nahian; apaizaren prostata eta txiza jarioari eutsi ezina, orinalakin gora eta behera…”. Mantzisidorko zubian ere filmatzen aritu ziren, Oikian, “belarjalea” herritik kanpora, ibaira bota zutenean. Aktore gehienak Wazemank eta Noaua serieetakoak ziren, baina bazegoen bat bereziki ezaguna zumaiarrontzat: Pedro Arizaga Pedrotxiki aizarnazabaldarra, urte askoan Errotako obradorean lan egindakoa. Eneko Dorronsoro ere aritu zen lanean serie honetan, kameraren atzealdeko lan batzuetan.

Dokumentalak

Zumaia dokumental askotan ageri zaigu, batzuetan protagonista nagusi, beste batzuetan atzealdeko eszenario moduan.

Dokumental zaharrenetako bat 1924koa da. Garai hartan, gero San Juan Egoitza izango zenerako dirua biltzeko, zekorketa antolatu zuten Zumaian Ignacio Zuloagak, José Ortega y Gassetek eta Juan Belmontek, Arrangoletan, gero Casasbaratas egin zituzten pare horretan, eta irudiak jasota daude dokumental batean. Sei urte geroagokoa (1930ekoa) da Arritokietako Andre Mariaren koroazioa; bertan, Zumaiako Goiko kalea (Parrokiatik Udaletxerako bidean) debozio erlijiosoz gainezka ageri da. Bi dokumental horiek Jose Maria Martiarena Laskurainek egin zituen (Zumaia, 1886-Donostia, 1931). Gurasoak donostiarrak zituen, eta han jarri ziren berriz ere bizitzen 1900ean. Martiarena optikoa, argazkilaria eta dendaria izan zen, eta 1920ko eta 1930eko hamarkadetan zenbait film labur eta erreportaje egin zituen Gipuzkoako gertaera garrantzitsuen inguruan. 

Beste dokumental batzuetan ere azaltzen da Zumaia, hainbat aitzakia dela medio. Horietako bat Arturo Ruiz Castillo (1910-Madril, 1994) zuzendariaren Ignacio Zuloaga, pintor pelikula izan zen, 1970ean; beste bat, berriz, Julio Caro Barojak (Madril, 1928-Bera, 1995) 1979an zuzendutako Gipuzkoa da, eta bertan Zumaia azaltzen da, labur bada ere, Urola ibaian hondoa jota dauden itsasontzien hezurdura hondarrak eta ontziola.

Denboran guregandik gertuago, Alberto Gorritibereak Asier Hilariorekin zuzendu zuen Flysch, haitzen hitza(2009) dokumentala, eta irudi asko harraldean daude grabatuta, Zumaiatik Deba alderako haitzetan.

Algorri gaineko labarretan dago grabatuta, baita ere, Anuken egia dokumentala, Xabier Kalparsorori buruzkoa. Xabik bereziki maite zuen Algorriko txoko hori, han aireratu genituen haren errautsak eta han dago, lurrean, “Anuken egia”. Pelikulan, zenbait senide eta lagunek eman zuten hari buruzko testigantza bero eta hunkigarria.

Interneten arakatuz gero, Zumaia ageri den beste dokumental edo grabazio batzuk ere topatuko ditugu. Adibidez, Urola trenaren 25. urteurrenekoa (1951) edo tren berarena, 1980ko hamarkadakoa.

Euskal Telebista 1982an sortu zen, eta harrezkero dokumental edo programa ugaritan azaldu da gure herria, batzuetan zumaiarrak direla medio (kirolariak, bertsolariak, politikariak, aktoreak, dantzariak…), edo bestelakoen aitzakian: Gabon koroa, botadurak, Itzurun hondartza, Flysch traila lasterketa, surfa eta olatuak, olagarroaren arrantza, San Telmo eguna, arrauna

Big boy musika taldeak izen bereko dokumentala grabatu zuen 2014an, eta hor ageri da, besteak beste, Mojaxarren Komentua. Beste musika talde batzuen emanaldiak ere grabatu izan dituzte Zumaian: Karidadeko bentaren azken kontzertua Itzurun hondartzan, 2007an, Eneko Dorronsorok; Luar na Lubre taldeak Itzurun hondartzan eman zuen kontzertua 1999an (EITBk grabatua)… Mantisa musika talde zarauztarrak Hondarrak abestiaren bideo klipa Itzurun hondartzan grabatu zuen, eta irudi gutxi batzuk Santiago hondartzan ere bai.

Zumaiako gazteek ere irudi asko grabatu dituzte, horietako asko Torreberri gaztetxean antolatzen diren ekintza eta ekitaldiekin erlazionatuak, Zumaiako leku ugaritan grabatuta; adibidez, Gazte Danbadako bideoa, “Libre” egunekoa

Ez hainbeste baliabiderekin, baina kamerak eta grabagailuak denon eskura jarri diren honetan Jon Urbietak Zumaia eta zumaiarrak agertzen diren bideo mordoa igota dauka youtubera: botadurak, denboraleak, festetakoak, bertsolarienak… Zumaiako irudi asko grabatu dituzten beste “kronista” ofizial batzuk ere badauzkagu (adibidez, Luis Urteaga Txikixa, Juan Mari Zearreta…), ekitaldi berezia non, kamera txikia prest han, askotan tripode eta guzti. Egunen batean ikusiko ahal ditugu haiek grabatutako irudiak… Roberto Fuentes Popetok ere erakutsi dizkigu bere lanak, surfa ardatz hartuta, gehienak Zumaian grabatuak eta batzuk sariak jasotakoak: Jarriko da (Surfilm festibaleko euskarazko lan onena), Aleluia

Baleikeko kideek ere sarritan grabatu dituzte Zumaiako gertaera eta ekitaldiak eta beste batzuetan propio egin dituzte bideo zoragarriak (adibidez, Mareagora, Grampian Sovereignen botadura…) eta horietako askotan azaltzen da gure herria. Baleike.eusen daude horiek ikusgai.

Bestalde, aipatu beharra dago Volcanoes of the deep sea (itsas barreneko sumendiak), Stephen Lowek zuzendutako dokumentala. 2003an grabatua da, eta hasierako irudietan Zumaia ageri da: Talaimenditik behera, Itzurun hondartzara jaisten da narratzailea, eta kontatzen du nola etorri zen gurera duela 50 urte eta nolako zirrara eragin zion lekuak.

Dokumentalen atala ixteko, 2015ean dokumental luze baten zati bat Zumaian grabatu zuten: Jennifer Baichwal zuzendariaren Anthropocene. 2017an estreinatzea espero dute, eta zuzendariak Baleiken egindako elkarrizketan adierazi zuenez, Zumaia aukeratu zuen gure herria delako leku ikusgarrienetako bat lurraren aroez hitz egitean geologoak zertaz ari diren hitz egiten identifikatzeko, estratuak oso ondo ikusten direlako.

Film laburrak

Film labur ugari grabatu dira Zumaian, eta horietako gehienak zumaiarrek eginak edo protagonista zumaiarrekin.

Aitzindarietako bat, Parentesis izan zen, 1964an grabatua, 20 minutu irauten duena. Garai hartan, nahikoa zalaparta eragin zuten errodatzeko lanek, orduan ez zelako batere ohikoa pelikulak grabatzea, eta are gutxiago hilkutxa batekin… 8 mm-an grabatu zuten, zuri-beltzean, amaieran kolore ukitu batekin. Zuzendari eta aktore lanetan, zumaiar ugari: AVIR izenekoak (Antton Eguiguren, Valentin Manterola, Ignacio Alberdi eta Ramon Eguiguren) eta Mari Paz Agirrezabalaga, Maribel Alberdi, Isabel Apestegi eta Marian Aizpurua. Zumaiako leku ugaritan grabatu zuten: hilerrian, Itzurun hondartzan, Arritokieta kalean, Harategia kalean eta zenbait etxetan.

Askoz geroagokoak dira, 1990eko hamarkadakoak, beste bi film labur: Cindirella eta El atajo. Biak ere Ros Seguesek zuzendu zituen, eta lehenengoan protagonista Ane Osa izan genuen; bigarrenean, berriz, Mitxel Gorrotxategi zarauztarra (aspalditik irakasle Zumaiako herri-eskolan), Kandido Uranga, Inazio Tolosa... Zumaiako bi lekutan grabatu zituzten, batez ere: Ubillosen eta Forondan. Kameraren atzealdean, arropa, argiztapen, attrezzo eta bestelako lanetan, izen ezagunak aurkituko ditugu: Anton eta Ramon Eguiguren, Ignacio Alberdi, Txiki Keixeta

Urte batzuk geroagokoa da (2009koa) Iñigo Garciak zuzendu zuen Clark eta Boris, eta kredituetan zumaiar gehiago ere ageri dira: Inazio Tolosa eta Kandido Uranga aktoreak, Eneko Dorronsoro, Jose Luis Txipi Barredo, Jon Garcia… Arroakalea ingurua erraz ezagutuko dugu, irudi batzuetan.

Zumaian filmatutako beste film labur baten sorrera eta grabazioa nahikoa berezia izan zen; izan ere, 2010ean Zumaian eman ziren bi ikastarok bat egin zuten proiektuan: Eneko Dorronsorok eman zuen zinemagintzakoak eta Inazio Tolosak zahar etxean (“hogarrean”) eman zuen antzerki tailerrak. Kameren atzean eta aurrean zumaiarrak nagusi, irudiak Komentuan grabatu zituzten (ikusi baleikeren erreportajea, 186. zenbakia, 2010eko martxoan) eta emaitza Aide Maria! izan zen.

Eneko Dorronsorok beste film labur bat grabatu zuen 2007an, Algorri aldean: Olarro. Aktore lanetan, berriz, Inaxio Aizpurua zumaiarra ere ikusiko dugu, olagarrotan, eta Algorritik begiratuta, artean Ardantzabideko etxe berriak eraiki gabe zeuden.

Hiru lagunek zuzenduta (Pello Azkue Xirula, Inazio Tolosa eta Abelin Linazisoro) eta baleike aldizkariko kideak aktore lanetan, Pletorexia estreinatu zuten 1995ean. Aldizkaria nola egiten zuten parodiatzen saiatu ziren, eta Lekeition sari bat ere jaso zuen. Izango ahal dugu berriz ere ikusteko aukera, Interneten jartzen badute…

Azkenik, duela zenbait urtetik, Zumaiako gazteek kortoen lehiaketa antolatzen dute, formatu nahikoa berezian: objektu eta gai bat emanda, 24 orduan egin behar film laburra. Horietako gehien-gehienak Zumaiako kaleetan edo tokietan grabatuta daude, eta 2016ko hasierakoak ere Interneten daude ikusgai.

Iragarkiak

Izango ziren beste batzuk, baina Zumaian grabatutako iragarki pare bat, gutxienez, ekarri nahi ditugu hona: lehena, Telmo Esnalek 2007an grabatu zuena, Aritz Aranbururekin. Akordatuko zarete: iragarki hartan, Aritz Aranburu eta haren amona azaltzen ziren surfean, bata olatuen gainean, bestea plantxa egiteko mahaiaren gainean. Iragarkian, San Telmoren ondoko Itxas-ondo etxea ageri da, amona han biziko balitz bezala.

Azkenik, Eguiguren anaiek (Antonek eta Ramonek) askotan grabatu edo egin dituzte beraien lanak Zumaian (sarritan, Ardantzabiden zeukaten estudioan). Horietako batean, 1998an, hidromasajeko iragarki batean, Algorri ingurua ageri da. Hain zuzen ere, bada pasadizo polit bat, gurean gertatua, eguigurendarrek kontatua. 1988an, Sara Montiel aktore eta abeslariak egun batzuk Zumaian egin zituen, Antonek eta Ramonek argazki sorta bat egin behar ziotela eta. Saio eta saio artean, herria ere erakutsi zioten bi anaiek, eta Itzuruna eraman zutenean gure harraldearen ederra erakustera, hara non esan zien bazeukala inguru haren berri. Sarak adierazi zienez, David Lean zuzendari ospetsuak (oso ezaguna, adibidez, The Bridge on the River Kwai edo Lawrence of Arabia pelikulengatik) eman zion Sarari gure herriaren eta bereziki Itzurun aldeko parajeen berri; izan ere, Ryan's Daughter (Ryanen alaba) pelikula filmatzeko lekuan bila aritu zenean, Lean hortxe-hortxe ibili zen gurean filmatu edo ez, baina azkenean beste leku batzuk hautatu zituen. Beraz, aukera galdutzat jo dezakegu hura…

Baina idatzi honetan “Zumaia pelikuletan” lantzeko asmoa neukan, Zumaian egindako pelikulak, eta ez egin gabeak… Konturatu gabe joan naiz kanpoko balizetara… To be continued.

Oharra:

Artikulu hau baleike aldizkarian argitaratzeaz gain, baleike.eus webgunean ere jarriko dugu, loturen gainean klik egin eta bideoak ikusi ahal izateko.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide