Bigarren fase honetan jokatutako lau partidatatik laurak irabazi ditu. Azken partidan, Elgoibarren aurka jokatutakoan, 41-28 emaitzarekin irabazi zuten eta horri esker, bi jardunaldiren faltan, lauko finalerako sailkatu dira. Larunbatean Etxebarrin jokatuko dute Kukullaga taldearen aurka. Azken talde honek oraindik baditu sailkatzeko aukerak.
Denboraldi bikaina ari dira burutzen Ttakun Pulpoko neskak. Jokatutako 20 partidetatik 19 irabazi dituzte eta bakarra galdu, Errenterian jokatutakoa. Euskadiko txapelketako finala, ustez, Zarautzen jokatuko da martxoaren 18, 19 eta 20an.
Aipagarria da baita ere infantil mailako taldeen bigarren fase hasieran. Canterias Dominguez Pulpo mutilen taldeak eta baita Trapaia Pulpo neskenak bi garaipen erdietsi dituzte jokatutako bi partidatan. Galdona Burdindegia Pulpo nesken kadete taldeak ere era ezin hobean hasi dute Diputazio Trofeoa, hiru garaipenekin jokatutako hiru partidatan. Azken partidan, Andoainen jokatutakoan, 11-16 irabazi zuten eta horri esker sailkapeneko lidergoan da.