Big Boy taldeak ‘crowdfunding’ bidez aterako du bere diskoa

Baleike 2016ko martxoaren 2a

Zapasalto izango du izena eta bospasei kantaz osatuko da. Karena.eu web gunean eman daiteke laguntza. Emandako kopuruaren arabera produktu desberdinak jasoko dira.

Big Boy Zumaiako musika taldea hasia da bere bigarren diskoa izango denaren grabazio lanetan. Zapasalto izena izango du eta, taldekideen esanetan, bospasei kantaz osatuko da. Grabazioko eta kopien gastuak ordaintzeko, crowdfunding edo auzolaguntzara jo du taldeak. karena.eu web gunearen bitartez lagundu daiteke eta ematen den kopuruaren arabera produktu desberdinak jasoko dira.

Hala, 5 eurotik 100 eurora arteko laguntzak eman daitezke. 5 eurorekin, disko berriaren kopia digitala jaso ahal izango da; 100 eurorekin, berriz, diskoak eta kamiseta jasotzeaz gain, Big eta Boyrekin bideo batean ateratzeko aukera ere izango da. Bien artean, hainbat aukera daude. Guztira, 40 eguneko epean, 1.600 euro biltzea du taldeak helburu.

Seikoteak 2014ean atera zuen lehen diskoa. Tom Waits, Goran Bregovic, zirkoa eta beste hainbat musika motaren ukituak soma zitezkeen kanta bitxi haietan. Bi urte hauetan aldaketak izan dira taldean: Jose Luis Txipi Barredok taldea utzi zuen eta bere lekua Juan Luis Blancok hartu zuen. "Txipik klarinete baxua jotzen zuen eta Juan Luisek tuba jotzen du. Horrez gain, organoa ere jotzen du eta aldaketa hori igarri da kanta berrietan", diote Iñigo eta Jon Garcia anaiek.

Taldearen izena zeraman lehen diskoko kanten konposatzaile nagusiak izan ziren bi anaiak. Oraingo honetarako beste dinamika bat hartu dutela diote. "Kanta berriak denon artean konposatu ditugu entsegu lokalean. Ideia bat izaten genuenean lokalera eramaten genuen. Talde askok dute dinamika hori".

Kanta beraiek aurrekoekin alderatuta desberdinak direla diote. "Lehen istorioak kontatzen genituen; kanta berriak, aldiz, abstraktoagoak eta psikodelikoagoak dira. Diskoaren azala egiterakoan ere hori izan dugu buruan".

Musikarekin bakarrik ez, irudiekin ere lan egin dute denbora honetan. "Lehen diskoan taldeari buruzko dokumentala zeraman DVD bat ere eman genuen. Honetarako ere bideo batzuk egin ditugu, baina web gunera igoko ditugu zuzenean".

Zalantza bat dugu, baina: nondik dator zapasalto hitza? "Obran lanean nengoela [Iñigo Garcia arkitektua da], langile batek erabili zuen zapasalto hitza. Ondo estali gabe egongo balitz bezala esan nahi du. Aurreko diskotik orain arte egindako lana bilduko du disko berriak eta horretarako hitz polita iruditu zitzaidan".

Erlazionatuak

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide