Itxas-Gainen lan ederra Euskadiko neguko piraguismo txapelketan

Baleike 2016ko martxoaren 3a

Pasa den asteburuan, Euskadiko neguko txapelketa jokatu zen Irunen. Larunbatean jokatzekoa zen arren, antolatzaileak igandera atzeratu beharrean aurkitu ziren larunbaterako iragarrita zegoen eguraldi txarragatik.

Itxas-Gaineko kideek lan ederra egin zuten. 23 urtez azpikoen mailan, Unai Gereka bigarren izan zen Ion Carballo donostiarraren atzetik, hirugarren Imanol Barruetabeña eta Martin Egaña bosgarren; Jon Moreno Irundarra sartu zen bi hauen artean. 
 
Junior mutiletan, Felix Uranga eta Mikel Casquero 10. eta 11. izan ziren, hurrenez hurren. Neska juniorretan, berriz, Amaia Ortiz de Zarate hirugarren izan zen eta Helene Carmona zortzigarren.
 
Kadete mutiletan, Imanol Txapartegik pixkanaka aurrera egiten ari dela erakutsi zuen: zazpigarren postuan sailkatu zen eta Unai Casquero 22.a izan zen.
 
Taldekako sailkapenean hirugarren egin zuen Itxas Gainek, Irungo Santiagotarrak eta Donostia Kayaken atzetik.
 
Hurrengo txapelketa Sevillan izango dute: Espainiako neguko txapelketa, martxoaren 12 eta 13an. Maila onean daude eta ea emaitza onak lortzen dituzten.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide