Zumaiako Udalak ohar baten bidez azaldu du dagoeneko martxan dagoela, Herri Eskolako guraso elkartearekin batera garatu duen ekimen hau. Honen bitartez, Zumaiako irisgarritasunaren inguruan azterketa bat egingo da herrian eta bereziki eskola bideetan dauden gabeziak eta beharrak identifikatzeko.
Herri Eskolako Lubaki guraso elkarteak, proiektu hau gauzatzeko diru laguntza bat jaso du Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailetik. Ekimen hau Udaletxean aurkeztu ostean, udal gobernuak, guraso elkartearekin batera, diagnosi hau Maria eta Jose eskolara eta herri osora zabaltzeko erabakia hartu du. Honek, proiektuaren kostua garestitu du eta udal gobernuak, “herritar ororen eta bereziki haurren” irisgarritasuna eta segurtasuna bermatze aldera, kostu hau beregain hartu du.
Horiek horrela, azterketa honen helburua da, eskola zein herriko bideak lantzea eta mugikortasun ohitura osasuntsuak sustatzea, zumaiar guztiak, autoaren erabilera gutxituz, autonomia eta segurtasun osoz, oinez, patinetez, bizikletaz, autobusez… mugitzeko aukera izan dezaten.
Azterketa hau Projekta Urbes enpresak burutuko du eta proiektuaren jarraipena egingo dute udal ordezkariek, guraso elkarteetako kideek eta Zumaiako bi ikastetxetako zuzendaritzek. Diagnosia maiatza bukaerarako amaituta egotea espero da.
Azkenik, datozen egunetan, azterketa burutuko duen enpresa honek, hainbat galdeketa eta behaketa egingo ditu ikastetxeetan. Horregatik, udaletik, herritar guztien partaidetza eta laguntza eskatu dute ahalik eta informazio gehien jaso ahal izateko proiektua arrakastatsua izan dadin.