Martxa arratsaldeko 7etan abiatuko da Alondegi aurretik eta bertan amaituko da. Trikitixa doinuak lagun dituztela, emakumeen segurtasunerako puntu beltzak diren lekuak lotuko ditu martxa honek. Amaieran, Alondegi aurrean, ekitaldi bat burutuko da.
Berdintasun Foroak antolatutako tailer batzuetan dago bihar egingo den martxaren hazia. Genero ikuspegia azgtertzen zen tailer haietan eta ateratako ondorio batzuen arabera, emakumeen segurtasunerako puntu beltzak zeuden herri leku batzuetan. "Adin desberdineko emakume batzuek beldurra sentitzen zuten leku horietan. Matxismoagatik eta indarkeria matxistagatik leku batzuetatik lasai ezin dira ibili. Martxa honekin egoera hori ikustarazi nahi dugu", zioten Berdintasun Foroko kideek Martxoak 8ko programa aditzera eman zen ekitaldian.
Sumatu dituzten puntu beltzen artean Ardantzabideko igogailua, Musika Eskola, Puntanueta, Jadarre eta Aitzuri kaletik Estazio kalera eramaten duen tunela daude. Puntu hauetako batzuk igaroko ditu ostiral iluntzean egingo den martxak. Berdintasun Forotik herritar guztiei, "baina gehienbat emakumeei" dei egiten zaie martxan parte hartzeko, "indarkeria matxistarik gabeko herri baten alde egiteko".
Zita feminista Gaztetxean
Larunbatean, berriz, 21:30etik aurrera, Zita feminista egingo da Gaztetxean, Zumaiako Asanblada Feministak deituta. Afaria izango da honako menuarekin hummusa, oliba patea, piper patea, kalabaza krema, risottoa, konpota eta azenario bizkotxoa. Afalostean, brindisa izango da koktel sorpresarekin, Su txikian proiektuaren aurkezpena eta Bertxortan, bertso musikatuak Frutetxeko lagunen eskutik. Etortzeko asmoa dutenek mezu bat bidali dezakete zumaiamorea@hotmail.com helbidera.