Dena prest Zumbrass metal topaketak gaur hasteko

Baleike 2016ko martxoaren 11

Ezkerretik eskuinera: Jose Mari Azkue, Pablo Fernandez, Frits Damrow eta Luis Orduña, pintxopotean.

Gaur hasi eta igandera bitartean Zumbrass bezala izendatu duten metal familiako instrumentuen topaketak izango ditugu Zumaian. Maila desberdineko ikastaroez gain, herritarrei zuzendutako kontzertuak izango dira Komentuan eta Alondegian.

Zumaiako Udal Musika Bandak (ZUMB), Txori Txiki Musika eta Dantza Eskolak eta Zumaiako Udalak antolatutako ekimen honek aurrerapauso itzela eman du aurten. Nazioarte mailako instrumentistak ekarri dituzte kontserbatorioetako eta musika eskoletako ikasleek ikastaroak emateko. Instrumentu bakoitzaren inguruko masterclass bana jasotzeko aukera izango dute. Maila goreneko instrumentista hauek kontzertuetan ere partaide izango dira.

Iragarri bezala, Frits Damrow izango da tronpetako ikastaroak ematen, Jamie Williams tronboiarena, Lisa Maria Cooper tronpakoa, Pablo M. Fernandez tubakoa eta Luis Orduña, ZUMBeko zuzendari ohia eta antolakuntzako kidea, ensembletan.

Irakasleen mailak izan du, noski, eragina ikasle kopuruaren handitzean. "Oso gustura gaude. Iazkoarekin alderatuta, lau aldiz ikasle gehiago dugu. 40 bat ikasle profesional ditugu (kontserbatorioetakoak) eta beste 20 musika eskoletakoak", azaldu digu Jose Mari Azkuek, ZUMBeko zuzendariak. Tronpeta eta tronboi ikastaroetan denbora gutxian bete ziren lekuak eta itxaron zerrenda luzea izan dela dio. "Itxaron zerrendan zeuden batzuk entzule bezala egongo dira". Tuban eta tronpan ikasle kopuru txikiagoa izango zutela jakitun ziren. "Tuban azkenean zortzi ikasle izango ditugu eta tronpan hiru. Azken instrumentu hau minoritarioa da".

Musika eskoletako ikasleei dagokionez, espero baino ikasle gutxiago izango dituztela onartzen du Azkuek. "Azkenean 20 bat izango ditugu. Ondo dago. Pozgarria da ZUMBeko metaleko kide guztiek eman dutela izena. Azken finean aipagarria da irakasle beraiek izango dituztela. Masterclass txiki batez gozatzea izango dute. Gainera, larunbatean denok batera bazkalduko dugu Inda-Mendi elkartean".

Ostiraletik igandera bitartean luzatuko dira ikastaroak. Tronpeta eta tronboikoak Foronda kultur etxean egingo dira eta tuba eta tronpakoak Ubillos jauregian.

Hiru kontzertu

Topaketek iraungo duten egunetan hiru kontzertu izango dira herritarrei zabalik. Ostiralean, 19:30ean, Komentuan, irakasleen kontzertua izango da. "Frits Damrow ezik, beste hiru instrumentistek joko dute. Bakoitzak bere aldetik, piano baten laguntzarekin. Pianojoleak ere sekulako maila izango du. Kontzertuan barroko garaiko doinuak, tangoak eta musika garaikidea entzun ahal izango da".

Larunbatean, 20:00etan, Alondegiko Oxford aretoan, ikasle profesionalen eta musika eskoletako ikasleen kontzertua izango da. "Ikastaroan ikasitako erakusteko aukera izango dute".

Igandean, berriz, ZUMB eta Frits Damrowen kontzertua izango da, 13:00etan, Komentuan. "Ikasle profesional batzuek izango ditugu errefortzu bezala. Hiriekin lotutako emanaldia izango da. Joko den obra bakoitzak hiri batekin lotura du: Londres, Paris, etab. 

Ostiraleko eta igandeko errezitaletako egitarauak dagoeneko prestatuta daude. Hemen dituzue:

Ostirala, martxoak 11. 19:30ean, Komentuan.

Tres canciones…………………………..….…..S. Rachmanninov.

Sihlouette……………………………………..…………… J. Harmon.

Dos tangos……………………….………………..……… A. Piazzola.

     I. Porteño.

     II. Adios Nonino.

Sonata for Alto Horn……………………………..... P. Hindemith.

     I. Ruhig bewegt

     II. Lebhaft

     III. Sehr langsam

     IV. Das Posthorn (Zwiegespräch)

Fantasistyke…………………………….………….………… P. Heise.

Sonata in F minor………………………….…...… G. P Telemann.

     I. Triste

     II. Allegro

     III. Andante

     IV.Vivace

Ballad…………………………………………………………...F. Martin.

  • Lisa Maria Cooper, Tronpa
  • Jamie Williams, Tronboia
  • Pablo Fernandez, Tuba
  • Pedro Jose Rodriguez, Pianoa

Igandean, 13:00etan, Komentuan

Trumpet Town

Queen’s Park Melody……………………………….. J. de Haan.

Chalon dans la rue………………………………….…...F. Ferran.

Concerto for trumpet Nr. 1…………………….....O. Schwarz.

'’Trumpet Town'

Bakarlaria: Frits Damrow.

Portrait of a city……………………………………..…. P . Sparke.

     I-Skyline

     II- Autumm

     III- Downtown 

  • Zumaiako Musika Banda & Frits Damrow
  • Zuz. Jose Mari Azkue

 

 

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide