Erakusketa, berez, arratsaldetan zabalduko bada ere, gaur, igandea, goizeko 10:00etan ireki da. Izan ere, Gipuzkoako Lourdeseko ospitalitateko kideak elkartu dira Alondegiko erakusketa aretoan. Zumaian egin da elkarte honen urteko batzarra. Erakusketa ikusi ondoren, parrokian egin den mezara joan dira eta, ondoren, batzarra eduki dute Aita Mari zinean. Amaitzeko, Marina Berri jatetxean egin den bazkarira joan dira.
Ospitalitateko lehendakari Lupe Aranzabalek azaldu duenez, Lourdeseko santutegira egiten den bidaia maiatzean egiten da. "Bertan Gipuzkoa osoko 300 bat gaixo biltzen dira. Laguntzera hurbiltzen diren boluntarioak, berriz, 500 inguru izaten dira". Tartean Zumaiako bizilagun ugari dira, gazte zein heldu.
Lourdeseko erromesaldira joaten direnen inguruko erreportajea argitaratu genuen Baleikeren 222. zenbakian. Hemen irakurri dezakezue.