Bi urteko haurren zaintza zerbitzuak pedagogikoki zalantzak sortzen dituela adierazi du Udalak ohar baten bitartez. “Ikasturtea amaitu ondoren, zaintza zerbitzuak hilabete baterako suposatzen duen aldaketa ez da gomendagarria zenbait adituren esanetan”, azaldu du.“Iaz izandako esperientzia pilotuak, gainera, erakutsi zuen haurrak ongi zainduta egon ziren arren, beren beharrak erabat asetzeko orduan hutsune batzuk egon zirela. Izan ere, Udalak eskaintzen duen zerbitzua aisialdian oinarritutako zerbitzua da, eta zaila da ehuneko ehunean egokitzea hain haur txikientzat”.
Horiek horrela, “eta tarteko konponbidea bilatzeko egindako saiakerak adostasunik lortu ez duenez, aipatutako zaintza zerbitzurik ez eskaintzea” erabaki da. Hori guztia azaltzeko, Udalak bi urteko haurren gurasoei eskutitza helaraziko die, eta bertan jakinaraziko die, norbaitek behar larriren bat balu, Udalak hori aztertzeko borondatea izango duela.
Beraz, aurten Udalekuak ohiko formatura itzuliko dira: hiru urtetik aurrerako haurrak hartuko dira eta berriro egoitza bakarrean egingo dira, Sagarbiden. Aste Santuaren ondoren, matrikulazio epea irekiko da, apirilaren 11tik 25era hain zuzen ere, eta beti bezala, eskolen bitartez jasoko dituzte herriko haurrek izen-emate orriak. Horrez gain, udaletxean bertan ere egongo da izena emateko aukera.