Eskualdea euskararen herria dela erakusteko prestatu dute hiztegi hau. 20.000 ale egin dira eta turismo bulegoetan banatuko zaizkie bisitariei, Aste Santuko opor boladan hasita.
Zazpi hizkuntza ditu hiztegiak: euskara, katalana, gaztelania, galiziera, ingelesa, frantsesa eta alemana. Hiztegiko hitzak hainbat multzotan sailkatuta daude: agurrak, denbora, norabidea eta lekuak, garraioa, familia, ostatuan eta jatetxean erabiltzeko hitzak, janari eta edariak, egunak eta hilabeteak eta zenbakiak.
Honako sarrera hau du hiztegiak, zazpi hizkuntzetan:
Ongi etorri!
Euskal Herrira etorri zara, gure bazterrak ezagutzera.
Aia, Getaria, Orio, Zarautz eta Zumaian denetarik duzu, egun eder batzuk pasatzeko. Ikusteko, bailarak, mendi eta basoak, hondartzak, itsasoa… Dastatzeko, bertako produktuak, gastronomia… Gu ezagutzeko, ohiturak, kirolak, kultura…
Eta, hiztegi txiki honetan, gure altxorretako bat, euskara.
Historiaurretik mendez mende, belaunaldiz belaunaldi, XXI. menderainoko bidea egin duen hizkuntza da geurea. Gure herrietan bizi-bizi entzun eta ikusiko duzu.
Hartu gure altxorra esku artean eta erabili!