"Ateak irekitzeaz gain, gure bihotzak ere zabaldu nahi ditugu"

Baleike 2016ko martxoaren 20a

San Jose kaleko lokalaren txukuntze lanak amaituta, Bakea kultur elkarte islamiarrak gaur bere ateak zabaldu dizkie herritarrei. Bertaratu diren guztiek tea eta pasta arabiarrak dastatzeko aukera izan dute eta baita ere islamaren inguruko argibide batzuk jasotzekoa ere. 

Orain bi urte hasi zen Zumaian bizi den komunitate musulmana bildu ahal izan eta beraien errezuak egiteko meskita bat sortzeko lanetan. "[Goiko plazako] lokal honekin hasi ginen baina pentsatzen genuen txikia zela eta ez zela egokiena. [Aita Mari auzategiko] Eroski zaharra zegoen hura ikusten genuen aproposa, baina haren jabeak ez zigun erantzun ere egin. Beraz, lokal honekin jarraitu dugu eta orain, lanak amaituta, ateak zabaltzeko prest gaude", azaldu du bertaratu direnei hitz egin dien kideak. "Ateak ireki ditugu, baina gure bihotzak ere zabaldu nahi ditugu gaurko ekitaldi honekin", gaineratu du. 

Zumaiako meskitako imamak Koranaren pasarte batzuk errezitatzeaz gain, egunean zehar egiten dituzten bost errezutik bat irudikatu du. "Hasiera batean arabieraz egiten ditugu errezoak, baina badira hemen jaioak diren musulmanak eta arabiera ez dakitenak. Gero, herrialde desberdinetatik etorritako fededunak ere baditugu: Marokokoak, Aljeriakoak, Senegalekoak... Hori dela-eta gaztelania ere erabiltzen dugu, denek dakiten hizkuntza bat delako. Gure haurrek, berriz, euskara gehiago erabiltzen dute gaztelania baino. Euskara erabili beharko dugun gure errezutan? Zeinek daki. Zuzendaritza batzordean horri buruz hitz egin dugu. Etorkizunean gure haurrek erabakiko dute hori". 

Denbora aurrera joan ahala, jendea inguratzen joan da. Behin parrokiko Meza Nagusia amaitu denean, erramuak eskutan zituzten hainbat pertsona sartu dira meskitan egiten dituzten jarduerak ezagutzeko jakin-minarekin. Denak ere irribarre batekin eta te batekin hartuak izan dira.

Ekitaldian zehar islamaren inguruan dauden zalantza batzuk erantzuten saiatu da gaur hizlari lanetan aritu den elkarteko kidea. Suni eta xiiten artean dauden desberdintasunen atzean erlijioa baino politika dagoela azaldu du. "Txikikeriak horiek bilera batean konpontzea egongo litzateke nahi izanez gero". Musulman kapitalisten jarrera ere salatu nahi izan du. "Mekara joateko 5.000 euro behar dira pertsonako. Zeinek du diru hori?". Islama eta horren barruan emakumeek duten presentziaz ere zenbait galdera erantzun ditu eta, nola ez, terrorismo islamikoari buruzkoak ere. Gogor salatu ditu islamaren izenean erasoak egiten dituzten hauek. "Lehena gizakia da eta ondoren dator erlijioa. Gure sinismena, gainera, bakean oinarritzen da eta garbi jartzen du ezin duzula inor hil; pertsona bat hiltzen baduzu, gizateria guztia hiltzen ari zarela". Ostiraleko errezua gidatzen duen pertsona aukeratzerakoan imam horrek pentsaera moderatua izatea nahitaezkoa izan zela azpimarratu zuen. "Muturreko ideiak izatea ez dugu hemen onartzen".

Zumaiko herriak emandako harrera eskertu eta txalotu du. "Honekin lanean hasi ginenetik ez dugu iritzi txar bat edo erasorik izan, beste herri batzuetan ez bezala". Gainera, gizartera zabaltzeko asmoa erakutsi zuen. "Guk garbi dugu Zumaiako gizartearen parte izan nahi dugula. Edozeinek izango ditu hemengo ateak irekita. Zalantzak baditu edo dituen galderak erantzutea nahi badu, etortzea besterik ez dauka".

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide