Erakusketa hau azken bi urteotan, 2014 eta 2015ean, egindako mihise gaineko olio-pinturen formatu ertain eta handiko koadro multzoak eta folio neurriko paper gaineko akuarela sailak osatzen dute berez. "Batzuk Txinan erakutsitakoak dira eta beste batzuk azken aldian egindakoak. Ez zait gustatzen errepikatzen aritzea".
Aretoaren ezaugarrien arabera erabaki du zer lan zintzilikatu. "Areto honek duen altuerak tamaina handiko obrak erakustea ahalbidetzen du. Ekarri ditudan batzuk azkenean ez ditut erakutsi". Berdin gertatu da folio neurriko akuarelekin ere. "Azkenean kopuru polit bat erakutsiko dut".
Aurkeztutako lanak nolabaiteko espresionismo figuratiboan kokatzen ditu. "Lanotan kolorea eta keinuak presentzia esanguratsua dute eta emaitza dibertigarri eta galdetzaile samartzat har daiteke".
Erakusketa hau apirilaren 10era bitartean ikusi ahal izango da Oxforden, egunero, 18:00etatik 20:00etara bitartean.