Flysch Trail 2016: apirilaren 1ean zabalduko da klubentzako izen-ematea eta maiatzaren 2an banakakoentzakoa

Baleike 2016ko martxoaren 26a

Uztailaren 3an korrituko da zazpigarren Zumaia Flysch Trail mendi lasterketa. Iaz bezala, bi distantzia izango dira: Helduen lasterketa, 42,230 kilometroko ibilbidea, 2.200 metroko garaiera positiboa eta 613 metroko gehiengo altuera duena; eta. gazteen eta herrikoi mailen lasterketa, 21,630 kilometroko ibilbidea, 850 metroko garaiera positiboa eta 210 m-ko gehiengo altuera duena.

Kluben Espainiako txapelketa jokatuko da aurten Trailean. Espainia osoko gizonezkoen 35 talde eta emakumezkoen zortzi etortzea aurreikusten da. Talde bakoitzak zortzi korrikalari izango ditu. Hori horrela, apirilaren 1etik maiatzaren 1era bitartean klubei zuzendutako izen-ematea zabalduko da www.kirolprobak.com atarian. Talde bakoitza gutxienez lau lagunez osatuko da eta gehienez zortziz. Klubei gehienez 350 leku gordeko zaizkie.

Banakakoentzako izen-ematea, berriz, maiatzaren 2tik ekainaren 29ra bitartean egongo da zabalik. Maratoirako 150 plaza izango dira eta herrikoirako 200. 

JuanJo San Sebastian izango da aurten Zumaia Flysch Trailak omenduko duen mendizalea. Igandean jasoko du omenaldia, lasterketaren hasieran, baina aurretik, ostiralean (ekainak 1, 19:00etan) El viaje izeneko hitzaldi bat eskainiko du Aita Mari zinean. Egun bat geroago, larunbatean (17:00etan), beste hitzaldi bat izango da Aita Marin: Utilización calzado minimalista en carreras de montaña". Jarraian, 19:00etan, mendi maratoiaren aurkezpena egingo da.

Sariei dagokionez, hauek bikoiztu egin dituzte iazkoekin alderatuta. "Estatu mailan sari onenak izan dituen lasterketa da", nabarmendu du Bosco Garitano antolakuntzako kideak. Errekorrak haustea lortzen dutenek 1.000 euroko sari extra jasoko dute. Une honetan gizonezkoen errekorra Manuel Merillasen esku dago (3:29:00) eta emakumezkoena Oihana Kortazarrek du (4:09:27). 3.000 euroko kopuru bat ere gorduko du klub onenen artean banatzeko.

Laguntza soziala ez du aurten baztertuko Trailak, handitu baizik. Aurrekotan bezala, Aspanogi elkartearekin kolaboratuko du. Aurten Markelen Irria eta Hegoak Astinduz taldeekin ere hala egingo du. 

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide