Sinadura bilketa hau Duintasuna Elkarteak sustatuko du. Elkarte hau LAB sindikatuan aritutako langile ohiek osatzen dute. "Hala ere, elkarteko kide izateko ez da beharrezkoa LABen aritu izatea. Jubilatu eta pentsiodun guztiei zabalik dagoen elkartea da hau", diote Tomas Azkuek eta Inaxio Manzisidorrek.
Duintasuna Gipuzkoa mailako elkartea da. Euskal Herriko Hegoaldeko beste hiru herrialdetan ere badira beste elkarteak. "Bakoitzak bere izen propioa du, baina helburuak berberak dira. Hainbat urtez, hainbat hamarkadatan lanean aritu eta egun batetik bestera erretiratu diren langileei laguntza eskatzea. Gai batzuen inguruan informaziorik ez dute izaten eta guk haiei lagundu nahi izaten diegu".
Badira jubilatu eta pentsiodunen inguruan mugitzen diren beste zenbait elkarte. Zumaian bertan Beheko Plaza jubilatuen taldea dago eta baita Nagusilan elkartea ere. Hauek guztiekin akordio batzuetara heldu direla nabarmendu dute Azkuek eta Manzisidorrek. "Manifestazio batzuetan batera egon gara eta egingo ditugu gehiago. Gai sozialetan mugitzen gara denok. Bidaiez gain, jubilatuok baditugu beste arazo batzuk".
Orain urte gutxi batzuk sinadura bilketa bat jarri zuten martxan edadetuek botiken koordainketa bertan behera uzteko. "Askok ez dute jakingo, baina urtean 18.000 euro baino gutxiago jasotzen duenak, botikengatik ordaintzen duen dirua bueltan jasotzeko eskubidea du. Horretarako formulario bat bete behar du eta Eusko Jaurlaritzak bueltan emango dio dirua. Baina, ideia ona bada ere, ezjakintasunagatik edo kontu horietan ez sartzeagatik jende askok ez du nahi izaten saltsa horietan sartu eta, ondorioz, Eusko Jaurlaritzak gero eta diru gutxiago bideratzen du horretara".
Koordainketa horren aurkako sinadura bilketan 100.000 sinadura jaso zituzten ("Zumaian mugimendu handia izan zen"). Sinadura hauek Eusko Legebiltzarrera eraman ziren."EH Bilduk mozio bat aurkeztu zuen, baina ez zen onartu. Azkenean bertan behera geratu zen guztia, baina gure arazoak sozializatzeko balio izan zuen behintzat".
Pentsio duinak lortzea da Duintasuna Elkartea osatzen duten lagunen borroka berria. Eskuorri batean azaltzen denez, Hego Euskal Herrian dauden 300.000 pentsiodunen erdiaren pentsioak ez dira 600 eurotara heltzen. Bildu nahi diren sinadura hauen bitartez eskatzen zaie Gasteizeko Parlamentuan dauden ordezkari politikoei eta Eusko Jaurlaritzari onar dezatela Aurrekontu Publikoen baitan pentsioak hilean 1.080 eurotara arte heltzea, "kopuru hpri aholkatzen baitu Europako Karta Sozialak". "Gure ustez kopuru hori da pentsionistek gurean duintasunez bizitzeko behar dutena: oinarrizko premiak, elikadura, etxebizitza, argindarra...".
Esan bezala, sinadura bilketa santelmotako bi larunbatetan egingo da, eguerdi parean.