Duela pare bat urte sortu zen Zumaian irrati libre bat martxan jartzeko ideia. Lagun talde batek ikusi zuen irratigintza mailan hutsunea zegoela herrian, eta proiektua lantzeari ekin zion. Bi urte eta gero, lan batzuk aurreratu ondoren, egitasmoa herritarrei zabaltzea erabaki dute, talde eragileko kide Iñaki Urreizti, Manex Elola eta Axier Etxanizek, azaldu digutenez. "Bi urte hauetan gure helburua izan da proiektua martxan jartzeko egin beharreko lan burokratikoa eta teknikoa aurreratzea, behin jendeari aurkezterkoan lan zikin hori guztia egina egon zedin. Estatutuak landu ditugu, elkartea sortu eta erregistratu dugu, eta kontu teknikoak ere aztertu ditugu, baina oraindik badago argitu beharreko kontu garrantzitsu bat: irratiaren egoitza".
Aurreko legealdian eskatu zioten lokala Udalari, baina gaur egun gaia oraindik erabaki gabe omen dago. "Aurreko Udal Gobernuak lokala agindu zigun Bidasoa kaleko bulegoetan, baina gobernu talde berriak lokal hori beste elkarte bati utzi dio eta gu, oraingoz ezer gabe gaude. Udalari eskaera egin diogu berriro, hitzez zein idatziz, baina oraindik ez dugu bilera egiteko erantzunik jaso. Zain gaude".
Lokala lotuta nahi zuten irratiaren egitasmoa publiko egin aurretik baina, ikusirik gaia luzatzen ari dela, bilera irekia deitu dute apirilaren 7rako (Alondegian, 19:00etan), irratiaren egitasmoan interesa izan dezakeen jendea erakarri eta gai zehatzak lantzen hasteko.
Irratia martxan jartzeko azpiegitura teknikoari dagokionez, dagoeneko dirua bilduta daukate, azken urteotan egindako bigarren eskuko azokei esker. "Irrati teknikoekin aztertu dugu zer azpiegitura behar den Zumaian irratia martxan jartzeko. Interesa izan dezaketen herritarrei eta taldeei egitasmoaren berri ematea da orain helburua, lokalarena argitu bitartean".
Irrati irekia izango da, euskaraz eta herriko gaiak landuko dituena. Gainera, programazioa osatzeko, Arrosa sarera egongo da lotuta. "Edonork parte hartzeko aukera izatea da gure nahia, eta horretarako irrati tailerrak antolatuko ditugu, irratigintzaren oinarriak ikasteko". Irratiaren izena lehiaketa bidez erabakiko dela aurreratu dute.