Aldundiaren kultur politikaren berri eman zuen Denis Itxasok Zumaian

Baleike 2016ko apirilaren 7a

Gipuzkoako Foru Aldundiko kultura arduradunek Gipuzkoan zehar egingo dituzten bileretatik lehena atzo egin zuten Alondegian. Herriko kultur eragileekin bildu ziren. 

Foru Aldunditik bultzatzen ari diren kultura politika ezagutzera eman nahian, zenbait bilera egingo dira datozen asteotan Gipuzkoako eskualde eta herrietan. Hauetan, lekuko kultur eragileekin elkartuko dira Aldundiko kultura saileko buruak, «Departamentuaren egitasmoak aurkeztu eta, partaidetza kate bat zabalduaz, iritziak eta esperientziak trukatzeko eta lehen eskutik Gipuzkoa osoko kultura errealitatea ezagutzeko». Bilera sorta hauetatik lehena Zumaian egin zen asteazken arratsaldean eta bertan izan ziren Denis Itxaso Kultura diputatua eta Maria Jose Telleria kultura zuzendaria. Berez, eskualde osoko kultur eragileak zeuden deituak, baina Zumaiakoak bakarrik inguratu ziren Alondegian egin zen bilerara.

Egoera eta gauzak aldatzeko erreminta eraginkorrena kultura dela esan zuen, «nahiz eta bidea mantsoagoa izan daitekeen». Bere ustetan, Gipuzkoa «nahiko lurralde orekatua» da, nahiz eta onartu zuen errekurtso gehienak Donostiak eramaten dituen. «Baina, badago halako aberastasun bat zabalduta eta herrietan ematen den kulturgintzari garrantzia eman behar zaio». Horretarako egokia ikusi zuen Gipuzkoa osoko mapa bat egitea, «kultur eragileek egiten dituzten ekimenak ongi ezagutzeko».

Herrialdeak kultura sistema berri bat behar duela azpimarratu zuen Itxasok, «erronka sozial, ekonomiko eta kultural berriei erantzuteko». Beharrezkoa ikusten duten aldaketa horrek hiru ardatz edo oinarri izango dituela ere eman zuen jakitera: iraunkortasuna, parte-hartzea eta eraldaketa. «Eraldatzailea, errealitatea transformatzeko balio badu, bultzada beharko duelako; parte-hartzailea, bestela ez delako herritarrengana heltzen; eta iraunkorra, sortzaileei dirua ez bazaie heltzen, kulturarik eraldatzailerik ez dugulako izango». Zentzu horretan, errekurtsoak «ahalik eta modu egokienean» erabili behar direla nabarmendu zuen. Azpiegitura berriak egiten baino, dagoen dirua programetara bideratzeko apustua egin zuen Itxasok.

Kultura Kontseilu bat martxan jartzeko asmoa ere erakutsi zuen diputatuak, «irizpide profesionalen bitartez gure politika parte-hartzailegoa izateko». Kontseilu hori sortzea onartuta dago dagoeneko, nahiz eta oraindik ez den bildu. «Bertan aditu eta itzala duten profesionalak» bildu dituztela adierazi zuen, «ikuspegi artistikoa duen jendea, baina baita promotoreak ere».

Aldaketa sozial bat ekarriko duen plan estrategiko bat egitearen alde azaldu zen. «Kulturak balio du gizarte balio jakin batzuen inguruan antolatzeko: bizikidetza, berdintasuna eta elkartasuna, besteak beste».

Zenbait egitasmo berriren inguruko informazioa eman zuen. Hala, zinema eskola bat eta pentsamenduaren gela bat sortzeko borondatea dute Tabakaleran. Martxan jarri edo jarriko diren beste proiektu batzuk Katapulta izeneko musika zirkuitua, «aukera bat emango diena artista gazteei», eta Kultur dealers izeneko ekimena dira. Azken honek mikro-ipuinak zabalduko ditu makina banatzaileen bitartez.

Bide berriak zabaltzea beharrezkoa ikusi zuen, «sarrera gehiago ekarriko dituztenak kultura munduaren iraunkortasuna indartzeko. Hartutako neurrien berri ere eman zuen: kulturari aplikatzen zaion BEZa kultura bonoen bidez itzultzea; mikromezenazgo programa berri bat abiaraztea; eta laguntza eta diru laguntzen irizpideak aldatzea, «proiektuak lehentasuna izan dezaten egitura edo entitateen aurrean». 

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide