Aita Mariren bustoa zaharberritzera eraman dute

Baleike 2016ko apirilaren 12a

Arranplara begira dagoen Aita Mariren bustoa gaur goizean kendu dute bere kokalekutik. Zaharberritzeko beharra zuen irudiak eta, hil zela 150 urte betetzen diren honetan, hautsitako sudurra konpondu eta itxuroso jartzeko kendu dute. Ekainaren amaierarako berriro bere lekuan egongo dela aurreikusten da.

XX. mende hasieratik Alondegiko izkinan egon den irudia aurrez Donostiako portuan egon zen. 1900. urtean brontzesko irudia egin zuten Donostian eta harrizkoa Jose Maria Zubiaren oinordekoei eman zieten. Hauek Zumaiara ekarri zuten bustoa eta itsasoari begira, azken 115 urtean egon den lekuan jarri zuten.

Mariren bustoak sudurra hautsita du eta hori konpontzea izango da lanetako bat. Idulkiaren egoera ere aztertuko dute zaharberritze lanak egingo dituzten Rakel Nacentak eta Idoia Idigorasek. Behin konponduta, garbituta eta txukunduta, sanpedroetarako berriro bere lekuan jartzea aurreikusten da.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide