18 taldetako 130 txirrindularik osatu dute tropela Zuloaga plazako irteeran. 57,7 kilometroko ibilbideko lana osatu dute; aurrena bi itzuli egin dituzte Zumaiako saihesbidetik, eta ondoren hiru aldiz egin dute Oikia-Aizarnazabal-Arroa-Zumaia buelta. Tropelak erritmo bizian egin du lasterketa eta helmugara tropelaren erdia iritsi da, atzean gelditzen dena kanporatu egiten baitute berehala.
Helmugara Joseba Lopez (Toyota) arabarra iritsi da lehen postuan, tropelari hanka eginda. Bigarren postuan, tropeleko esprintean aurrena, Eneko Meaurio (Basati Bike Busturialdea) bizkaitarra izan da, eta hirugarren Aitor Larrañaga (Victoralvaro.com) gipuzkoarra. Antton Tolosa eta Naia Urbieta zumaiarrek ere hartu dute parte, baina ezin izan dute lasterketa amaitu.