Bi podium lortu ditu Itxas-Gainek Espainiako Kopan

Baleike 2016ko apirilaren 18a

Imanol Barruetabeña eta Unai Gereka bigarren izan dira K2 senior mailan, Meridan jokatu den ibaietako Espainiako Kopan; Irati Osa hirugarren izan da K1 sub23 mailan. Guztira 40 klubek hartu dute parte eta 13. sailkatu da itxas-Gain.

Itxas-Gaineko piraguistek lortutako beste emaitzak: Mikel Casquero eta Felix Uranga 7. (K2 junior); Amaia Ortiz 8. (K1 junior); Helene Carmona 19. (K1 junior); Martin Egaña 11. (k1 sub23).

Hemen irakur dezakezue itxas-Gaineko lagunek bidali diguten kronika:

Asteburuan Alangen (Merida) jokatu den Espainiako Maratoi kopan izan da Itxas-Gain. Ostiral eguerdian abiatu ziren afal ordurako han izateko asmotan, baina Burgosera iristean furgoneta hondatu ondoren eta komeriekin ibili ondoren, gaua ondo sartuta zegoela iritsi ziren.

Larunbat arratsaldera arte libre zeuden ordea eta lo apur bat egiteko aprobetxatu zuten goizean. Lau terdietan izan behar zuen lehen lasterketak, kadeteenak eta beteranoenak, baina haize handia zegoela eta sei terdiak arte atzeratzea erabaki zuen antolakuntzak.

Uretaratzen lehenak, Vicente Royo beteranoa izan zen, 5. postu polit bat lortu zuen. Honen atzetik berriz, kadeteak izan ziren, Imanol Txapartegi eta Unai Casquero. 20 eta 37. izan ziren hurrenez hurren.

Igandean junior, senior eta sub23 mailako txapelketen ordua izan zen. Egun polita esnatu zen larunbatekoarekin konparatuz. Felix Uranga eta Mikel Casquerok osatutako K2a, 7. postuan sailkatu zen junior mailan. Amaia Ortiz de Zarate 8. izan zen eta Helene Carmona 19. irauli ondoren junior mailan hauek ere.

Senior mailan Unai Gereka eta Imanol Barruetabeñak osatutako K2ak maila honetan ere indartsu jarraitzen duela erakutsi du 2. postuan sailkatu ondoren.

Irati Osak ere maila berriari indartsu heldu dio, lehen urtea du Sub23 mailan eta 3. postuan sailkatzea lortu zuen. Martin Egañarentzat ere lehen urtea da maila honetan. Honek 11. postu eder bat lortu zuen.

Azkenik, klubezkako sailkapenean 13. izan zen Itxas-Gain, talde handienekin borrokatuz jarraitzeko gaitasuna duela erakutsiz.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide