Inoiz ez dugu ikusiko, ondo ezkutatuta egoten delako beti, baina igogailuaren botoia sakatu orduko, zintzo demonio esango digu astzentsorea zer egiten ari den, igo edo jaitsi, edo nora ailegatu den. Hori du bere lana, oso ondo egiten du, eta gizona beti dago erne, nor sartuko, hitz egiteko.
Bat-batean, ordea, gaixotu egin zaigu gizontxoa, eta ez dabil ondo, buruko gaitzen batek jota eta zeharo nahastuta daukagu; igogailuan sartzea nahikoa da horretaz jabetzeko. Ez da hasi, ba, dena gaztelania hutsean egiten! Egun batetik bestera, gauza bera bi aldiz errepikatzen hasi da, ondo aditu ez baduzu ere: “Subiendo… Subiendo…”, “Bajando… Bajando…”. Okerrena, ordea, ez da gauzak bi aldiz esatea; okerrena da euskaraz egitea ahaztu egin zaiola!
Ba al da gaitz hori sendatuko dion sendagilerik, petrikilorik, hizkuntzalaririk, txantxangorririk, teknikaririk, mantentze-lanen arduradunik? Eta, bide batez, eskatzea libre denez, zergatik ez euskara hutsean hitz eginarazi, behin bakarrik?