Auzoan eta etxean konposta egiteko beste deialdi bat egiten du Mankomunitateak

Baleike 2016ko maiatzaren 13a

Konpostaren planaren inguruan Urola Kostako Udal Elkartea zenbait ekintza ari da bultzatzen. Orain, etxean edo auzoan konposta egiteko aukera zabaltzen du berriro eta eskualdeko bizilagunei gonbitea luzatzen zaie.

Interesa duten herritarrek konposta egin dezakete etxean edo auzoan. Baratza, lorategi edo berdegune bat baizik ez da behar.

Izena ematen dutenei honakoa emango diegu:

  • Prestakuntza: konpostagailua muntatzeko eta erabiltzen ikasteko
  • Konpostagailua
  • Laguntza zerbitzua.

Izena eman behar da Urola Kostako Udal Elkartean, telefonoz deituta (943890808), mezu elektronikoa bidalita honako helbidera edo webgunearen bidez formulario bete eta bidalita. Izena emateko epea ekainaren 3an amaituko da.

Konpostaren plana: datuak

Une honetan (2015-12-31ko datuak) eskualdean 763 familia ari dira etxeko hondakin organikoekin konposta egiten (etxean, auzoan, komunitatean…). Gipuzkoako familiek batez beste 2,65 kide dituztenez (Eustat, 2006ko datua), orotara 2.000 pertsona inguru ari dira gure eskualdean konposta egiten.

Zumaiari dagokionez, 202 familia ari dira plan honetan parte hartzen: 82 etxean, 93 auzoan, 8 bizilagunen artean eta beste 19 beste era batera.

Zergatik egin konposta?

Hondakinak tratatzeko hierarkiaren lehenengo 3 urratsak prebentzioa, berrerabilpena eta birziklatzea dira. Konposta egitea lehenengoan kokatzen da, prebentzioan. Etxean sortutako hondakin organikoarekin konposta egiten badugu, 5. edukiontzia ez dugu erabiliko, hondakinik ez dugu garraiatuko eta kudeatuko eta, beraz, ez du kostu ekonomikorik eragingo.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide