Emakumeen osasunaren aldeko ekintzaren Nazioarteko Egunaren inguruko ekitaldiak antolatu dira

Baleike 2016ko maiatzaren 24a

Maiatzaren 28a Emakumeen osasunaren aldeko ekintzaren Nazioarteko Eguna da. Horren inguruan hitzaldi, mahai-inguru eta antzerki saio bana antolatu ditu Udaleko Berdintasun sailak, Anitzen Sarea, Berdintasun foroa eta Biltzenekin elkarlanean.

Lehen hitzaldia bihar, asteazkena, izango da 18:30etik aurrera, Alondegiko Oxford aretoan. Hizlaria Jeanne-Rolande Dacougna Minkette, Biltzeneko kidea. Biltzen Gizarteratzea eta Kulturarteko Bizikidetzaren Euskal Zerbitzua da. Hitzaldiaren izenburua Determinantes sociales de la salud integral de las mujeres africanas en Euskadi da.

Ostiralean (18:30, Oxford) mahai-ingurua izango da. Mikroarrazakeria eta generoa izango da gaia eta parte hartuko duten emakumeak Patricia Ponce, Haurralde Fundazioaren zuzendaria; Tarana Karim, giza eskubideen ekintzailea, eta Sire Damba, Zumaiako afrikar elkarteko kidea izango dira. Dinamizatzaile lanetan Silvia Carrizo, Malen Etxea elkarteko kidea arituko da.

Amaitzeko, ekainaren 10ean, 22:00etan, Aita Mari zinean, Declaracion de Guillermo izeneko antzezlana izango da. Bernardo Atxaga da idazlea eta Jose Cruz Gurrutxaga aktorea.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide