Udako kirol jardueretarako izen-ematea ekainaren 6an zabalduko da

Baleike 2016ko maiatzaren 31

Ate joka dugun uda garairako zenbait kirol jarduera antolatu dituzte Zumaiako kirol patronatuak eta Lubaki kiroldegiak. Jarduera hauetarako izen-emate epea ekainaren 6an zabalduko da.

Iazko eskaintza bera dela azaldu dute antolatzaileek. Hala, ohikoan areto barruan ematen diren jarduerez gain (aerobik, pilates, zumba...), aire librean egiten direnak gehituko dira. Hala nola, patinak, tenisa eta multikirola. Haurrei zuzendutako azken jarduera honek ohikoak diren jolasak ezagutu eta horiekin jolasteko aukera ematen du: harrapaketa, etab.

Hauez gain, kirol elkarteen bidez egiten diren jarduerak ere badaude: arrauna, piraguismoa, surfa, mendiko bizikleta, etab.

Izenak Lubaki kiroldegian (943862021) emango dira ekainaren 6an, goizeko 9:00etatik aurrera. Surfaren kasuan, 638675558 telefono zenbakira deitu beharko da izenak emateko.

Prestatutako eskuorrian agertzen den eskaintzaz gain, aukera izango da beste jarduera batzuetan edo beste ordutegi batzuetan parte hartzeko aukera, beti ere interesa badago. Horretarako Lubaki kiroldegira jo dezakezue.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide