«Txinparta» berreskuratu nahi du Alex Urangak Brasil eta Txileko probetan

Baleike 2016ko ekainaren 2a

Belauneko lesioa gainditu duen arren, lehiatzeko erritmoa bota zuen faltan Tahitiko proban. Bosgarren urtea du Munduko Bodyboard Zirkuituan eta «zerbait berezia» lortzea du helburu.

Hegoamerikara abiatuko da laster Alex Uranga, Munduko Bodyboard Zirkuituko hurrengo bi probetan parte hartzera. Brasilgo Itacoatiarako olatuan jokatuko da aurtengo hirugarren proba puntuagarria, ekainaren 16tik 26ra, eta handik segidan Txileko Aricara joango dira, uztail hasieran. Hawaiiko probari uko egin eta Tahitikoan lehen kanporaketan kalean gelditu ondoren, aurrean dauzkan bi proba hauek berebizikoak dira denboraldia bideratzeko. «Brasil eta Txile denboraldiko bi proba garrantzitsuenak izan daitezke niretzat. Lehen bi grand slam-ak dira –puntuaketa goreneko probak–, eta emaitza onak lortzeko premia daukat, iazko makalalditik berriro gorantz egiteko».

Belauneko lesioa izan zuen iaz eta ezin izan zuen zirkuitu erdia osatu. Belauna ondo osatzea izan da bere kezka nagusia eta, behin hori lortuta, lehian onenen pare ikusi nahi du berriro bere burua. Lehiaketa falta igerri zuen Tahitin, eta Brasilen «txinparta» berreskuratzea espero du.

Dozena bat urte baziren Munduko Zirkuitua ez zela Tahitiko Teahupoo olatu ezagunean jokatzen. Itsasaldi handia zegoen iragarrita eta olatu handietako espezialistak ere erakarri zituen. «Azkenean, ordea, ez ziren aurreikuspenak bete. Gainera, Ozeano Barean olatu serieak ez dira hemen bezain sarri etortzen; kanporaketa bakoitzean bat edo bi etor daitezke. Ez bazara bizkor ibiltzen, aukerarik gabe gera zaitezke». Eta halaxe gertatu zitzaion. «Etxeko baten aurka egokitu zitzaidan kanporaketa. Berak bazekien lekua ondo hartzen eta konturatu nintzenerako olaturik gabe gelditu nintzen».

Baina Tahitikoa atzean utzi eta aurrera begiratu nahi du Urangak. Zerbait berezia lortu nahi du Brasilen eta Txilen: «Bosgarren urtea da zirkuituan, eta izan ditut emaitza onak eta ez hain onak. Uste dut orain maila hobea daukadala, eta emaitza handi bat lortzea da nire helburua, berriro nire burua goian ikusi eta motibazio guztiarekin lehiatzen segitzeko. Zirkuituan parte hartzea nahikoa zen hasieran; orain ez, orain emaitzak behar ditut. Ahalegin handia egin behar da urtero txapelketan parte hartzeko».

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide