"Erabakia gurea da eta olatua gu izango gara"

Baleike 2016ko ekainaren 4a

Azpeitiko herriak, Euskal Herriko beste udalerri askok bezala, hitza hartuko dute bihar eta etorkizun batean zer izan nahi duten erabakiko dute, herritarren bozken eta iritzien bitartez. Egun handi honen atarian, Adierazpen Eguna izan da hainbat lekutan, Zumaian barne. Gernika parkean bildu dira herritarrak Gure Esku Dago ekimenak deituta.

Musika, umorea, sorpresak eta, nola ez, erabakitze eskubidearen inguruko hitzak ez dira falta izan. Zumaiaren kasuan, adierazpen hau irakurri da herriko gizarte anitzeko hainbat lagunek.

Itsasertzean bizi garenok ondo asko dakigu: haizeak olatua ekarri ohi du. Eta horixe ari da gertatzen gurean.

"Haize goxo batek bildu gaitu luzaroan, erabakitzeko eskubidearen aldeko aldarriak, eta olatu eder bat dakarkigu orain: eskubide hori gauzatzen hastea.

Bihar, erabakitzeko lehen olatua hartuko dute 34 herrik. Goierrin, Debagoienan, Aramaion, Azpeitian eta Ispasterren 150.000 lagunek aukera izango dute, lehenbizikoz, esateko ea nahi duten izan euskal estatu independente bateko herritar, edo ez; ea nahi duten izan euskal estatu subirano bateko herritar, edo ez; edo nahi duten izan euskal estatu burujabe bateko herritar, edo ez.

Horregatik bildu gara hemen gu ere: olatu bat hartzera goazelako. Gaur hemen elkartu garenok erabaki egin nahi dugu eta olatu horretara batzen joango gara. Erabakiaren bidea herritarrok egingo dugu. Erabakia gurea da eta olatua gu izango gara.

Guk izango dugu hitza. Hemen bizi garen guztiok, era guztietakook, bertan jaioak garenok eta kanpotik etorritakook, abertzaleok nahiz ez abetzaleok, ezkerrekook zein eskuinekook, ideologia, jatorri, sentimendu eta proiektu desberdinetako lagunok.

Todas y todos tenemos la palabra, y todas y todos decidiremos, porque decidir nos hace pueblo.

Por eso, porque queremos y tenemos derecho, por primera vez nosotras y nosotros también vamos a decidir.

Erabakitzeak egiten gaituelako herri; elkarrizketari begira jarrita, elkar onartzeak eta elkar errespetatzeak. Guk erabakiko dugu, aurrenekoz, zer izan nahi dugun.

Beraz, guk nahi dugulako eta horretarako eskubidea badugulako, erabakia gauzatzeko adostasunak eraikitzen ari gara. DATORREN UDABERRIAN GU ERE GALDEKETA EGITERA GOAZ!!"

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide