Unai Pereak eta Nagore Montesek irabazi dute lerroko patinen Zumaiako laugarren lasterketa

Baleike 2016ko ekainaren 4a

Unai Perea irabazlea, Kantera gainean.

Goizean haurrak izan dira patinen gainean; arratsaldea, berriz, helduena izan da. Lerroko patinen Zumaiako laugarren lasterketa jokatu da gaur. 80 parte-hartzaile izan dira lehen aldiz era independente batean korritu den proba honetan, aurrekotan krosarekin  edo Zakila Birarekin batera jokatu baita. 

Arratsaldeko 5etan atera dira patinatzaileak Txomin Agirre kaitik. Pulpo elkartearen parean kokatu da irteera eta helmuga. 14 kilometroko bidea egin behar izan dute kirolariek: moilatik Patxita Etxezarreta kalean sartu dira eta, saihesbidea hartuta, Beduara jaitsi; Oikia, Muniosoro, Xeyko industrigunea, Bedua eta Kantera gaina zeharkatu dituzte Zumaiara itzuli aurretik.

Gizonezkoetan irabazlea lasterketa atzetik aurrera egin duen Unai Perea tolosarra izan da, Irristaka taldekoa. Moilan espr¡ntean irabazi dio Andres de Regil (Basroller) galdakaokoari. Irabazlean 23:16 denbora egin du; bigarren sailkatuak, berriz, hiru segundo gehiago, 23:19. Hirugarrena Irristaka taldeko Josu Aldaz anoetarra izan da, 23:24 denborarekin. 

Emakumezkoetan, Nagore Montes donostiarra izan da azkarrena (independentea), 26:23 denborarekin. Bigarren Pasaiako Amale Mujika izan da (Bera Bera patin eskola), 27:06 denborarekin eta hirugarren Aitziber Zubia (Donosti Roller) donostiarra, 28:57 denborarekin.

Zumaiarrei dagokionez, gizonezkoetan, Joseba Beobide 12.a izan da (25:58), Iñigo Berastegi 24. (29:00), Xabier Elizalde 31. (30:57), Mikel Elizalde 35. (31:58) eta Juan Luis Alberdi 68. (41:34).

Emakumezkoetan, Ana Egaña izan da azkarrena, 42. postuan (33:32). Ondoren, Arantzazu Etxeberria sailkatu da, 43. postuan (33:34), Maite Etxabe 72. (44:02) eta Goizane Laskibar (44:02).

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide