San Pedro Abesbatza bide berriak zeharkatzeko gogoarekin dago

Baleike 2016ko ekainaren 9a

‘Hitzak eta soinuak’ izeneko kontzertua emango du San Pedro Abesbatzak larunbatean (22:00etan) komentuan. Ilunpean eta irudien laguntzarekin emango du koroak saio hau.

Amaia Aldalurrek zuzentzen duen San Pedro Abesbatzak baditu kontzertu bereziak emateko gogoa, ohikoak diren parametroetatik eta errutinetatik atera eta entzulea beste giro edo dimentsio batera eramateko. Larunbat gauean (22:00etan) mojaxarren komentuko kaperan emango duen kontzertua pauso edo bide berri horien lehen pausoetakoa izan daiteke.

Emanaldia, Zumaian ohikoak diren ordutegiekin alderatuta berandu hasiko dela esan daiteke. Ordutegi aldaketak badu bere arrazoia: "Ahalik iluntasun handiagoa behar dugu", azaldu du Iker Gonzalez Cobeaga abesbatzako kideak. Emanaldi honen berezitasunetako bat ilunpean eskainiko dela da. "Musika Bandak led argi txiki batzuk pasa dizkigu, partiturak irakurtzeko. Bestela, kapera ilunpean egongo da".

Irudiek eta hitzek musikak adinako garrantzia izango dute larunbateko kontzertu honetan. "Askotan hitzei ez diegu garrantziari ematen, kasu askotan beste hizkuntza batzuetan idatzita daudelako eta arrotza egiten zaizkigulako. Kontzertu honetan hitz horietako batzuk proiektatu egingo ditugu entzuleek jarrai ditzaten. Beste hizkuntza batean badadude euskaratuta emango dira".

Errenazimendutik gaur egunera arteko bidaia bat eskainiko dute musika eta hitz hauekin: Leonard Cohenek (Hallelujah) eta Rudyard Kipling idazle britainiarrak sortutako hitzak abestuko dituzte Zumaiako abeslariek. Herriko bertako idazleen lanak ere izango dute presentzia: Balendiñe Albizuren Itxaso ta eguzkia eta Antxon Gonzalez Gabarainen Que el amanecer... kantatuko ditu koroak. Bi lan hauek Iker Gonzalezek konposatutako musikaz janzten dira.

Irudiak ere proiektatuko dira abesbatzen ahotsei laguntzeko. "Taldekideek beraiek ateratako argazkiak dira kasu batzuetan, eta, hala eskatuta, Javier Carballoren argazki batzuk ere emango dira".

Amaia Aldalur arituko da zuzendari lanetan eta pianoa jotzen Mari Carmen Azpeitia izango dute laguntzaile. Mikel Emezabal klarinetejoleak ere kolaboratuko du obra batean. "Horiez gain, sorpresak ere izango dira".

Etorkizuneko erronkak

Parrokian eskaintzen dituen mezez aparte, abesbatza honek ez du kontzerturik eman urte honetan. "Xixili Eguneko kontzertua izango zen azkenekoa. Egia da uda garaian gehiago ematen ditugula". Erronka handia Zumaiako Musika Jaialdian emango duen kontzertua izango da. Oraingo honetan sortu berria den Sapere Aude Sinfoniettarek in batera joko dute, Fernando Velazquez konposatzailearen zuzendaritzapean.

Honez, gain, abenduan Händelen  Der Messias  abestuko du. "Gipuzkoako zenbait abesbatzek hartuko dute parte bertan, ez guk bakarrik. Erronka handia izango da". 

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide