Agortu dira Aitzuri pilotalekuaren irekierarako sarrerak

Baleike 2016ko ekainaren 15a

Ekainaren 25ean irekiko da Aitzuri frontoi berria eskuzko eta zestako partida banarekin eta Lucia Lacarraren ikuskizun batekin. Gaur jarri dira sarrerak salgai eta goizean zehar agortu dira. 

Goizean goizetik sarrerak erosteko ilarak sortu dira turismo bulegoan. Guztira 684 eserleku ditu frontoiak eta eguerdirako agortu dira sarrera hauek. Sarreren prezioa 35 euro bada ere, horrek ez ditu herritarrak atzera bota. Espero bezala, frontoiko harmailak jendez gainezka izango dira irekieran.

Ekainaren 25ean, gaueko 22:00etan lehen pilota partiduak jokatuko dira Aitzurin. Lehena, binakako esku pilota partidua izango da eta pilotari profesionalek jokatuko dute, Olaizola II-Albizuk eta Irribarria-Zabaletak hain zuzen. Ondoren, dantza emanaldia egongo da, Lucia Lacarra zumaiarraren eskutik. Lacarrak, bere senarra den Marlon Dinorekin, dantza klasiko ekitaldia eskainiko du eta jai-emanaldiekin amaitzeko, zesta punta partidua ere jokatuko da, azken hau, Goikoetxea-Inza eta Egiguren eta Enbilen artean. 

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide