Popetok ez du inoiz umorea galtzen. "Jende profesionala dago hemen eta gero ni egongo naiz, Eroskiko kamerarekin grabatutako pelikularekin". Asteazkenean hasi eta igandera bitartean luzatuko den Donostiako Surfilm Festibal jaialdian hartuko du parte Roberto Fuentes Popeto surflari eta zinezale zumaiarra. Oraingo honetan Tordedorrr izeneko film laburrarekin izango da. Film labur hau ekainaren 26an, 19:00etan emango da Donostiako Antzoki Zaharrean, beste lau ikus-entzunezkoekin batera. Sarrerak salgai daude surfilmfestibal.com web gunean.
Jaialdi honetan erakusten diren lan guztiek dute surfa ardatza bezala, baina, Popetoren beste pelikuletan gertatzen den bezala, umoreak presentzia handia du. Hautatua izan den pelikularen izenburuak berak Chiquito de la Calzadaren hizkerara eramaten gaitu. Sinopsian jasotzen denez, lan honek elkarrekin ederki pasatzen duten Zumaiako bi surflari karismatikoren historioa. "Bi pertsona xelebre dira. Etxetik atera eta hondartzara doan surflari baten papera egiten dut nik. Bestea nire atzetik doa. Ezustekoak ere izango dira".
Gorka Azkue du orain ere kide abentura berri honetan. "Nire aktore fetitxea da. Zortzi bat pelikula egin ditugu dagoeneko elkarrekin". Jaialdi honetan izan en aurreko edizioan bezala, Gorka igoko du aretoko oholtza gainera, pelikula aurkeztera. Film labur honetan kamera aurrean bere estrenua egiten duen aktorea ere bada: Robertoren semea.
Hamalaugarren Surfilm Festibala izango da aurtengoa eta hauetatik zortzitan hautatu dituzte Robertoren lanak. Gauzak asko aldatu direla dio. "Lehen lehiaketa izaten zen eta urte batean 600 euroko saria irabazi nuen. Azken aldian, aurrekontu kontuengatik edo, lehiaketa bertan behera geratu zen eta orain erakustoki bat da. Hala ere, niretzako saria da hautatua izatea, nazioarte mailako lan ikusgarriak erakusten dira-eta".
Jaialdian aski ezaguna dela dio. "Jada ezagutzen naute. Jaialdiko zuzendariak ikusten nauenean kasu egitera etortzen da. Egunen batean atzera begirako egin beharko didate», dio algaraka.
Roberto Fuentesek Komunitatean zintzilikatu ditu bere zenbait bideo. Hemen ikusi ditzakezue.