pilota protagonista izango da asteburu honetan Zumaian. Ostiralean esku pilota txapelketako finalak jokatuko dira eta larunbatean palakoak, biak ere Odieta pilotalekuan. Larunbat gauean, berriz, Aitzuri frontoi berriaren irekiera izango da eskuzko eta zesta puntako partida profesional banarekin (bien artean Lucia Lacarra eta Marlon Dino dantzarien saioa izango da). Frontoi hormetatik haruntzago badaude beste pilota modalitate gehiago eta horietako baten erakustaldia egingo da, astelehenean, 19:00etan, Odietan.
Zumaiako Institutuko ikasle eta irakasleek osatutako talde bat bote luzean arituko da egun horretan. Pilotako modalitate hau orain mende batzuk Euskal Herriko eta Europako beste herrialdeetan jokatzen zen, baita Zumaian ere. Baina, beste leku batzuetan ez bezala (Valentzia, Italia, etab.), hormaren aurka jokatzen zen pilota zabaltzean, plazan luzera jokatzen zen modalitate hori ia desagertu egin zen. Gaur egun Iparraldeko zenbait herritan, Baztanen eta Gipuzkoako Oiartzun eta Zubietan jokatzen dira luzeko txapelketak edota erakustaldiak.
Zumaiako Institutuan ikasturte honetan jorratu dute luzeko pilota joak, soinketan. «Gaia interesatzen zitzaidan eta, soinketan, pilota taldean jokatzeko egokia ikusten nuen. Pilotan gehienez lau pertsona aritu daitezke; luzekoan lau pertsona daude alde batean, lau bestean eta beste lau kanpoan. Hala, talde giroa sustatzen da», azaldu du Aritz Zubiaur soinketa irakasleak. Ideia eskolan proposatu zuen eta harrera ona izan zuen. «Irakasleen artean badaude pilotazaleak eta ikasle batzuekin aritu gara jokoan. Odieta bertan egin izan ditugu zenbait saio».
«Zumaiako jendeak jakin behar du kirol hau ez dela arrotza herrian. XVIII. mendean jokatzen zen hemen, baina orain erabat galduta dago», adierazi du Daniel Carballo arkitekto eta pilotari ohi zumaiarrak. Plazako pilota jokoaren tesia egiten dabil eta astelehenean Herri Eskolako frontoian egindako entrenamendu saioan izan zen, berezitasunak azaltzen eta, baita, jokoan parte hartzen. «Euskal Herriko hainbat herritan ari dira erakustaldi hauek jokatzen eta gero eta jende gehiagok erakutsi du interesa. Hazia ari gara landatzen, ea sustraitzen den».
Gaian interesatuta zaudeteneoi, aipatu Daniel Carballo egiten ari den ikerketa lanaren inguruko erreportaje zabala argitaratu genuela apirileko Baleike aldizkarian. Hemen irakurri dezakezue.

