Oharrak honela dio:
Pasa den asteburuan, Sevillan, TKE ligari eman zitzaion hasiera, bertan izan ziren herriko arraunlari gazteak Telmo Deun traineruarekin herriko koloreak defendatzen. Hori horrela, herriko talde batek mutilak animatu eta giroa jartzera Zumaiatik danborrada bat eramatea pentsatu zuen.
Inguruan zituen lagunak bildu eta antolatzaile taldea osatu ondoren gogor ekin zioten lanari. Ez da bide erraza izan, baina danborzaleen erantzun onarekin, jarritako gogo eta ilusioarekin aurrera atera da proiektua zena eta Sevillan izan gara danbor soinuekin bertako kaleak alaitzen. Ezin ahaztu noski Zumaiako Udalaren laguntza, ezinbestekoa izan baita guztia aurrera ateratzeko.
Besterik gabe, antolatzaileen aldetik, eskerrak eman dizkiogu bidai hau aurrera ateratzeko parte hartu duen orori, bakoitzak bere lana bete baitu eta San Pedro eta Santelmotako danborradak batu eta Zumaiako Danborrada osatzea lortu dugu denon artean. Eskertzekoa da bidaian sortu zen giro aparta.
Mila esker eta ea etorkizuneko proiektuetan elkar topo egiten dugun, hurrengora arte.