Zumaiako Udalak zahartzaroan eta menpekotsun egoeran dauden pertsonen zaintza lanak aztertzeko ikerketa beka bat jarri du martxan

Baleike 2016ko ekainaren 22a

Zumaiako Udaleko Berdintasun Sailak ikerketa beka bat martxan jarri berri du. Beka honek helburu du zahartzaroan eta menpekotasun egoeran dauden pertsonei Zumaian eskaintzan zaizkien zaintza lanak nolakoak diren ezagutu eta aztertzea, modu honetara, lan hauen inguruko ezagutza integrala lortzeko eta etorkizunera begira, erronkak hauteman eta zumaiarren bizimodua hobetzeko.

Bekaren diru laguntza 6.700 eurokoa izango da eta honen bitartez, hautagaiek, aipatutako egoeran dauden pertsonen zaintza zerbitzua genero ikuspegitik aztertzeaz gain, Zumaiako egungo zainketa lanen gizarte antolaketa ezagutu eta aztertu beharko dituzte: nork burutzen dituen zaintza lan hauek eta zergatik, zein baliabide erabiltzen diren, zaintzaileen ezaugarriak, lan baldintzak, formazioa…

Hautagaiek, uztailaren 18a bitarte aurkeztu ahal izango dituzte euren proiektuak udaletxean eta ondoren, Udalak izendatutako epaimahaiaren bidez aukeratuko da proposamenik egokiena.  Mahai hau, Berdintasun zenegotzi eta teknikariek, Berdintasun Foroko kideek, Gizarte Zerbitzuetako arduradunak eta ikerketa feministan aditua den pertsona batek osatuko dute. Epaimahaiak abuztuaren 5erako helaraziko du bekaren irabazlea eta aukeraketaren ondoren, hautatutako proiektua, 2017ko otsailaren 4ra bitarte garatu ahal izango da, hau da, irabazleak, 6 hilabeteko epea izango du bere proposamena aurrera eramateko.

Proiektua aurkezteko baldintzen artean, besteak beste, gizarte arloan, erdi edo goi mailako unibertsitate titulua eta EGA edo baliokidea den euskara titulu agiria aurkeztu beharko dituzte hautagaiek. Proiektu proposamena 15 orrialdekoa izango da gehienez eta paperean zein euskarri digitalean aurkeztu beharko da. Interesa duen orok, baldintza eta betebeharren inguruko informazio gehiago jaso ahal izango du  Udaletxean bertan edo www.zumaia.eus udal webgunean.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide