Lehen txandan 48 bodyboardlarik ekin zioten txapelketari, hirunakako saiotan banatuta. Eder Luciano brasildarra eta Julien Miremont frantziarra egokitu zitzaizkion aurkari Alex Urangari. Zumaiarrak oraingoan ez zuen kale egin eta lehen postuari (14.30 puntu) esker zuzenean hirugarren txandara sailkatzea lortu zuen, Miremont (12.08) eta Lucianoren aurretik. Azken hauek bigarren txandako kanporaketa jokatu behar izan dute.
Hirugarren errondan Nicholas Chiara argentinarra izan du aurkari Alexek, eta hau ere bidean uztea lortu du, aldea handia izan ez bada ere: 11.15 / 10.00.
Laugarren txandan Eder Luciano brasildarra izango du berriro aurkari. Kanporaketa hau gainditzen badu, zortzi onenen arteko lehian izango da zumaiarra.