Tren turistikoa eta zaldigurdia jarriko ditu Udalak martxan

Baleike 2016ko ekainaren 30a

Tren turistikoa edo txu txu trena berriro martxan jartzea erabaki du Zumaiako Udalak. Bihar bertan hasiko da zerbitzua eskaintzen. Horrez gain, zaldigurdian ibiltzeko aukera ere izango da bi astetik behin, anbulatorio zaharretik kanpinera joan-etorria.

Bi ekimen hauen berri emateko Udalak zabaldutako prentsa oharra daukazue jarraian:

Zalantzarik gabe, udako trena edo guztiontzat ezagunagoa den “tren txu-txua” jada uda eta oporrak iritsi direnaren ezaugarri da. Hori horrela izanik, aurten Zumaiako Udalak, berriro ere berreskuratu du garraio hau eta gaurtik aurrera eta abuztuaren amaiera bitarte, herriko kaleak zeharkatzen ibiliko da.

Tren honek helburu du zumaiarren zein bisitarien mugikortasuna eta irisgarritasuna hobetzea herrian zehar. Horiek horrela, Udaletik azaldu dute, zerbitzu hau, ezinduentzat eta mugikortasun urriko pertsonentzat ere egokituta dagoela, esan bezala, guztien mugikortasun zein irisgarritasuna bermatzeko.

Horretarako, astelehenetik igandera, 11:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 20:00etara bitarte, 8 geldiune izango dituen ibilbide bat egingo du: Otezuritik aterako da orduro eta jarraian, Malutan, kanpinean, kirol portuan, Kantaurin, Amaiako plazan, Garoan eta GKN aparkalekuan egingo ditu geldiuneak.

Alde batetik bestera trenean mugitu ahal izateko, sarrerak, aurretik erosi beharko dira. Hauen prezioa 0,50 eurokoa izango da eta 12 urtetik beherako haurrek eta 65 urtetik gorako pertsonek doan ibiltzeko aukera izango dute. Sarrerak, Otezurin, Malutan, Garoan, Maiaurren, Marina Berrin, kanpinean eta Turismo Bulegoan bertan izango dira salgai guztientzat, baita abuztuan irekitzen den informazio puntuan ere.

Era berean, zaldigurdi bat ere jarriko da anbulategi zaharrean, Zumaian zehar ibilaldi turistikoak egiteko. Ibilbide bakoitzean, gehienez 4 lagunek igo ahal izango dute gurdira eta haurren kasuan, heldu batez lagunduta joan beharko dute beti. Ibilbidearen prezioa 3 eurokoa izango da pertsona bakoitzeko eta sarrerak, gurdian bertan erosi ahal izango dira.

Esan bezala, karroa, zaldi batez bultzatuta, anbulategi zaharretik irten, Gernika parkea zeharkatu eta kanpin ingururarte hurbilduko da, ondoren noski, jatorrizko lekura bueltatzeko. Sastarrain Baserri Eskolako kideak izango dira zaldigurdiaren arduradunak eta jakinarazi dute, komenigarria dela, ibilbide bakoitzeko gurdia beteta joatea. Erabiltzaileek eskatuta, gurdia, adibidez, bi pertsonek bakarrik erabili nahiko balute, hutsik gelditzen diren beste bi eserlekuen sarrera ere ordaindu beharko lukete.

Zaldigurdia hamabost egunez behin izango da Zumaian, asteburuetan eta jaiegunetan eta ordutegia arratsaldeko 18:00etatik 20:00etara bitarte izango da.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide