Jai Alai World Tourreko zesta punta partidetako sarrerak astelehenean jarriko dira salgai

Baleike 2016ko uztailaren 7a

Hilabete honetan, Zumaiako Aitzuri frontoi berrian, Jai Alai World Tour zesta punta lehiaketako bi partida jokatuko dira. Txapelketa honen baitan, munduko zesta puntista onenetakoak ikusteko aukera izango da.

Gernika Jai Alai eta Jai Alive enpresek batera antolatutako txapelketa da Jai Alai World Tour. Enpresa bakoitzeko jokalariak bakoitza bere aldetik ari dira jokatzen. Txapelketa handiaren baitan, finalaurreko eta finalaz osatutako txapelketa txikiagoak jokatuko dira eta horietako bat da Aitzurik hartuko duena. Gero, irailean, enpresa bakoitzeko bi bikote onenek azken partidak jokatuko dituzte. Azken txanpa horretako finalaurrekoa ere Zumaian jokatuko da.

Uztailaren 17an, arratsaldeko 17:00etan, txapelketaren finalaurrekoa jokatu da. Egi-Erkiaga eta Olha-Etcheto bikoteen artekoa eta Olharan-Inza eta Goikoetxea-Enbilen artekoa jokatuko dira. Partida hauek ikusteko sarreren prezioa 10 eurokoa izango da eta astelehenetik aurrera (hilak 11) egongo dira salgai Lubaki kiroldegian.

Uztailaren 24ean aldiz, lehiaketaren finala jokatuko da. Txapelketa, arratsaldeko 20:00etan hasiko da eta lehendabizi, 17an galtzaile izan direnen arteko partidua jokatuko da, 3. eta 4. postuak erabakitzeko;  ondoren, aurreko asteko irabazleen arteko finala jokatuko da. Sarrerak 12 euroan salduko dira kiroldegian uztailaren 18tik aurrera.

Bereizgarri gisa, finalaren ospakizunean, bi partiden artean, sarrerarekin batera, marmitako eta txakolin dastaketa antolatu ditu Udalak, Etxetxo txakolinaren eta zaharren egoitzako jatetxearen laguntzarekin.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide